Schommerren proiektua berreskuratu du Gasteizko Udalak Goya gasolindegirako

Erredakzioa 2018ko aza. 14a, 15:26
Goya gasolindegia, Floridan. / Alea

Mercedes Benz-en proposamena bertan behera geratu da, ez duelako egokiera teknikorik, eta ez duelako betetzen lursailari dagokion hirigintza-araudia.

Goya eraikinean Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrari eskainitako zentro-museoa jartzeko proiektua berreskuratu du Gasteizko Udalak; turismo-informaziorako lekua ere jarriko litzateke bertan.

Agintaldi honen hasieran, udal gobernuak akordio bat lotu zuen garai bateko gasolindegiaren jabearekin, Repsolekin, urteetan utzia egon ondoren eraikin hori berriro erabiltzeko. Lantalde bat osatu zuen oposizioko taldeekin, eraikinaren etorkizuna aztertzeko.

Hasiera batean, udal gobernuak akordioa lotu zuen PPren udal taldearekin, gasolindegia izandako eraikinean Schommerri eskainitako zentro-museoa eta turismo-informaziorako leku bat jartzeko. Taldeak negoziatzen ari zirela, ordea, Mercedes enpresak jakinarazi zion Udalari ibilgailuen eta markaren erakusketa jarri nahi zuela aipatutako lekuan.

Udalak proiektuaren hirigintza-egokiera aztertu dute enpresarekin, baita Mercedesen zentro-museoa gauzatzeko aukerak ere. Multinazionalaren azken proposamena aztertu ondoren, teknikariek uste dute proiektuak ez duela egokiera teknikorik, eta ez duela betetzen lursailari dagokion hirigintza araudia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide