7,6 milioitan saldu nahi dute Arana klinika zaharra

Erredakzioa 2018ko aza. 12a, 10:44
Arana klinika 50. hamarkadan zabaldu zuten.

Azaroaren 17an herri-galdeketa deitu dute auzo elkarteek eraikinaren inguruan.

Babestu Gasteiz ekimenak Arana klinika zaharraren etorkizunaren inguruan deitutako herri-galdeketa ospatu baino egun batzuk lehenago etorri da albistea: Espainiako Gizarte Segurantzak salgai jarri du eraikina 7,6 milioi eurotan.

16.500 metro koadroko orubea okupatzen du Arana klinika zaharrak. 50. hamarkadan zabaldu zuten eta bertan jaio ziren milaka arabar. 1977. urtean, berriz, klinika itxi zuten, eta bertan kokatu zuen Arabako Diputazioak geriatrikoa, baina 2013. urtean itxi zuten. Inguruko auzoko bizilagunen elkarteek behin baino gehiagotan eskatu diote Arabako Diputazioari geriatrikoa berriro zabaltzeko, baina Foru Aldundiak eraikinaren "egiturazko arazoak" aipatu ditu proposamenari uko egiteko, eta eraikinak gutxieneko baldintzak betetzen ez dituela argudiatu du.

Babestu Gasteiz ekimenean bildutako auzo elkarteek, aldiz, geriatrikoa berriro zabaltzeko beharra dagoela nabarmendu dute: "Gasteizen 65 urtetik gora dituzten 41.194 lagun daude, eta horietatik %20 menpekotasunak dituzte (9.838 lagun); sare publikoaren eta pribatuaren artean soilik 5.207 artatzen dituzte; zeinek zainduko ditu menpekotasunak dituzten gainerako 4.623 lagun?". Araba geriatrikoa berriz irekitzeko proposamena babesteko, hurrengo azaroaren 17an, larunbatean, herri-galdeketa deitu dute elkarteek, honako galdera honi erantzuteko: "Aranako geriatriko zaharra berriz irekitzearen alde zaude?".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide