Mendizorrotzako harmailak ia-ia beterik, eguraldia udaberrikoa, zaleak taldearekin bat eginik, taldeak beti dena emateko prest. Horren ondorioz, garaipena, hiru puntuak eta sailkapenaren goialdean; ez hori bakarrik, liderra puntu batera. Egia esanda, ez dago gehiago eskatzerik.
Abelardok aurreko partidetan erabilitako joko sistema berbera jarri du. Atzealdean, Ximo Navarro jarri du Duarteren ordez, eta Martin ezker hegalera eraman du, bi hauek Laguardia eta Maripanekin osatu dute atzealdeko lerroa. Lauko lerro hau partidurik partidu sendotasuna ikaragarria erakusten ari da. Ia-ia ez dute akatsik egiten. Zelai erdian, Ibai, Manu, Brasanac eta Jony aritu da. Erdiko bi jokalariek (Manu eta Brasanac) lan ikaragarria egiten dute. Aurrealdean Borja Baston eta Calleri aritu dira. Biak ala biak aurrealdean lan egiteaz gain, defentsa lanetan etengabe aritzen dira.
Partida hasi bezain pronto Alavesek Huescaren eskutan utzi du jokoaren ekimena. Lehendabiziko minutu horietan ondo baino hobeto erabili dute baloia eta ia-ia 10. minutuan Moi Gomezek huts eta batekoa egiten du. Beranduxeago, 20. minutuan, Cucho Hernandezek beste aukera izan du. Alavesen aldetik gauza handirik ez, Baston eta Jony izandako bi saiakera, besterik ez.
Atsedenaldira joateko hamar minutu besterik gelditzen ez zirenean etorri da Huescaren gola. Moi Gomezek areaz kanpotik jaurtiketa bortitza egin du, eta Siverak, huts eginez, ezin izan du gelditu. Gol horrek Alaveseko jokalariak lozorrotik atera ditu eta erasora oldartu dira. Horren ondorioz, bost minutu beranduxeago banako berdinketa etorri da. Jokaldi zoragarria izan da. Ibaik eskuin hegaletik erdiratu du, eta ia-ia area txikian Jony aurrelariak buruz saretara bidali du.
Bigarren zatian partida trabatu da. Ez batak ez besteak ez ziren gauza jokoa kontrolpean izateko. Biek garaipena nahi zuten, Alaves sailkapenaren goialdean jarraitzeko eta Huesca beheko postuetatik ateratzeko. Epaileak txartel horiak atera behar izan ditu bata eta bestearen gehiegikeriak gelditzeko.
68. minutuan Semedok egindako opariak balio izan du garaipena lortzeko. Izan ere, atzealdean taldekide bati pase eman nahi eta Sobrinori bidali dio. Honek ez du aukera alferrik galdu eta jaurtiketa bikain baten bitartez bi eta batekoa jarri du markagailuan. A zer-nolako poza berdegunean, harmailetan! Partidua bideratuta. Halere, Sivera atezainak Huescako lehen golean egindako akatsa zuzendu nahian edo, partidaren azken minutuetan geldiketa bikaina egin du.
Orain esne-mamitan izanda, atsedena hartzera eta hurrengoa partida prestatzera.
Alaves: Sivera; Ximo Navarrao, Laguardia, Maripan, Martin; Ibai (78’. Burgui), Manu Garcia, Brasanac, Jony (87’. Dani Torres); Borja Baston (65’. Sobrino) eta Calleri.
Txartel horiak: 45.’ Ximo Navarro, 72’. Sobrino 73’. Maripan
Huesca: Jovanovic, Insua (23’. Brezancic), Carlos Akapo (80’. Longo), Miramon, Semedo, Pulido, Musto, Gurler ( 72’. Gallar), Ferreiro, Moi, Cucho Hernandez.
Txartel horiak: 46’. Semedo, 69’. Damian Musto, 75’. Carlos Akapo, 92’. Cucho Hernandez.
Golak:
0-1: 35'. Moi Gomez
1-1: 41’. Jony
2-1: 68’. Sobrino
Mendizorrotzako harmailak:
18.437 ikusle bildu dira taldea animatzeko, oso zale gutxi falta izan dira harmailak erabat betetzeko. Huescatik ehunen bat zale etorri dira, eta bat egin dute Alaveseko zaleekin. Partida bukaeran txalo zaparrada eskaini diete Aragoitik etorritakoei. Zaleen arteko kidetasuna goraipatu behar da.