Abenduaren 1etik aurrera, AP-1 autobidea doakoa izango da

Erredakzioa 2018ko aza. 9a, 07:00

Armiñongo bidesariaren hesiak altxatuko dituzte abenduaren 1ean.

Armiñongo ordainsari guneak kentzeko eta A-1 autobiarekin lotzeko eta integratzeko urratsak aztertu beharko dira.

Abenduaren 1etik aurrera, Burgos (Gaztela-Leon, Espainia) eta Armiñon arteko AP-1 autobidea doakoa izango da. Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak baieztatu du data. Espainiako Gobernuak doakotasunaren froga egin nahi du Armiñonen, eta horrek ematen duen emaitzaren arabera joango da beste autobideetan ere ordainsariak kentzen.

Arabako Aldundiak eta Espainiako Gobernuak aztertu beharko dute nola eskualdatuko zaion autobidearen Arabako tartea Foru Aldundiari, eta zein jarduera egin beharko diren Armiñongo ordainsari guneak kentzeko eta A-1 autobiarekin lotzeko eta integratzeko. Halaber, Arabako Aldundiak A-1 autobia eta AP-1 autobidea Armiñon eta Arasurreko sarbideen parean bat egiten duten gunea hobetu nahi du, eta AP-1 autobidea lotu nahi du Arasurrekin. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago