Igandean, etxeko ateak irekita

Mirian Biteri 2018ko azaroaren 10a

Etorkin, errefuxiatu eta bertoko askotariko familiak bazkaltzeko elkartuko dira, aurten ere, Bizilagunak egitasmoaren bidez.

Bosgarrenez egingo dute igandean, hilaren 11n, kulturen arteko bizikidetza sustatzea helburu duen Bizilagunak egitasmoa. Hain justu, jatorri ezberdineko familiez osatutako hamaika bazkari egingo dira Araba osoan; mahaiaren bueltan elkar ezagutzeko aukera izango dute.

CEAR Euskadiko kide eta Bizilagunakeko sustatzaile Ainhoa Garagalzak nabarmendu du "barruan ditugun harresiak" apurtzeko eta "kalean entzuten diren zurrumurruak" zalantzan jartzeko ekimen aproposa dela antolatzen dabiltzana. Horrekin lotuta, zera aipatu du: "Elkar ezagutuko gara, bakoitzaren istorioak eta ametsak ezagutuz; modu horretan egin ahalko diegu aurre estereotipoei".

Aurten ere askotariko herrialdeetatik iritsitako lagunek parte hartuko dute egitasmoan; Garagalzaren esanetan, 50 jatorri inguruko pertsonak bilduko dira; erabiliko diren hizkuntzak, ordea, askoz gehiago izango dira: "Askotan hizkuntz asko hitz egiten dituzte parte-hartzaileek; batez ere, Afrikatik datozenak", adierazi du. Euskarari ere tokia egingo diote etxe askotan; gehienetan, agurtzerakoan erabiliko dute, baina baita umeen arteko solasaldietan ere. Horren inguruan gaineratu du euskara sustatzea ere badutela buruan.

Lotura urtean zehar

Iganderako iragarrita dauden bazkarien artean denetarik dago: asko aurretik elkartu izan dira, eta bueltako bazkaria egiteko aprobetxatuko dute. "Lotura dutenak badaude; elkar komunikatzen eta laguntzen dira urtean zehar".

Herrialde osora zabaldu da berriro ere egitasmoa, eta besteak beste, Laudio, Amurrio, Agurain, Araia, Kanpezu, Maeztu eta Arabako Errioxan egingo dituzte. Batzuk bazkaltzeko bakarrik geratuko dira; beste batzuk, berriz, goizean txangoren bat edo egiteko aprobetxatuko dute.

Azkenik, Garagalzak iragarri du asteburuko hitzorduen ostean, bigarren bazkari bat prestatzen dabiltzala aurten ere abenduaren 1erako. Kasu horretan, ekimenean parte hartu duten guztiak elkartuko dira Gasteizko Hegoalde gizarte etxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago