Gasteizko Manuel Iradier logiaren presidentea da aurten Jon Laburu enpresaria. Hortaz, masoientzat, Maisu Beneragarria da. Logiaren ateak ireki ditu Laburuk ALEArentzat, bertan egiten dena erakusteko. Sekretismoa izan da urte luzez masoien ezaugarrietako bat, eta, gaur egun ere, zenbait sekretu gordetzen dituzte. Baina gero eta gutxiago dira, antza.
Zaila da masoneria zer den definitzea. Ez da erlijio bat, ezta sekta bat ere. "Sekta batean sartzea erraza da, baina ateratzea, oso zaila. Gurean, kontua guztiz kontrakoa da", azaldu du Laburuk. Argitu duenez, logian sartu nahi duenak hiru elkarrizketa igaro behar ditu, eta logiako kideen onespena jaso, boto sekretuaz egiten den bozketa baten bidez. Taldetik ateratzea, ordea, erraza omen da.
Bilkurak edo tenidak egin baino lehenago, gela batean biltzen dira. Bertan dituzte liburutegia eta errituetan erabiliko dituzten hainbat objektu. Tartean, masoiek erabiltzen dituzten mantala eta lepokoa. Hormetan logiari izena ematen dion Manuel Iradier esploratzailearen erretratua dago, eta baita Gasteizko tenpluari izena ematen dion Jean Crouzet masoiaren argazkia.
Gela horren barruan gela txikiagoak daude. Horietako bat hausnarketa gelatxoa da. Bertan, taldean sartuko den hasiberria edo ikastuna ordubetez egongo da, zeremonia hasi baino lehen. Begiak itxita eramaten dute hara. Beltzez margotuta eta sinboloz beteta dagoen gelaxka da: bizitza arruntaren galkortasuna adierazten duen buru-hezur bat, denboraren iragatea gogorarazten duen harea-erloju bat, edota biziraupenaren beharraren oroitarazle diren ogia eta ura. Bertan ikastunak bere testamentu filosofikoa idatziko du, baina masoi bihurtzen denean idazki hori erreko dute, eta errautsak besterik ez dira geratuko, azken pentsamendu profanoen oroigarri moduan.
Sinboloak ez dira gelaxka horretara mugatzen: jaun eta jabe dira masonerian. Izan ere, alegoria erraldoi bat da mugimendua. Zertarako, bada? "Hobeak izateko edo hobeak izaten saiatzeko", erantzun du Laburuk. Duela hamarkada bat aurkitu zuen masoneria Laburuk, eta, atzera begiratzean, bere burua guztiz aldatu duela dio. "Ni politikagintzan aritutakoa naiz, eta garai horretan neure ideiek besterik ez zuten balio niretzat. Masoneriak errespetuaren beharra irakatsi dit, eta bestearen lekuan jartzeko moduan nago orain".
Alegoria horien barruan, "delta argitsua" izenez ezagutzen den sinboloa dago: begi bat duen hiruki bat. Dolarreko billeteetan agertzen den sinbolo horrek Unibertsoaren Arkitektoa sinbolizatzen du. Jainkoa? "Batzuentzat jainkoa ordezkatzen du, baina ez guztientzat. Izan ere, gure artean fededunak, agnostikoak eta ateoak daude". Aniztasun horren ispilu, San Joanen araberako ebanjelioan irekita dagoen biblia bat dute bilkuretan, baina liburu horren alboan daukate ere Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
Debeku eta sekretu bana
Debeku bakarra omen dago masonerian: ezin daiteke hitz egin erlijioaz eta politikaz. Eta sekretu bakarra: ezin daiteke ezagutarazi norbait masoia dela, lagun horrek masoi dela publikoki zabaldu ez badu, bederen. Batzuek "aitortza" hori egina dute (gurean, Javier Otaola Gasteizko sindiko izandakoa da agian ezagunena), baina beste hainbatek ondo gordetzen dute sekretua. "Gure logian, adibidez, badago arlo ekonomikoan garrantzi handia duen kide bat, eta horrek erabateko sekretuan mantendu behar du bere partaidetza. Hemen egon eta kazetari bat etortzekoa dela jakinez gero, berehala ospa egingo zukeen gela honetatik". Denetariko kide edo senide dira, 30 bat inguru, tartean "politikari ezagunak". Alderdi guztietako masoiak omen daude Manuel Iradier logian, "besteak beste, EH Bilduko kide bat". Gainerakoan, enpresariak, abokatuak edota kazetariak dira… bai gizonezkoak zein emakumezkoak.
Azken datu hau ez da anekdotikoa. Mundu mailan bi joera nagusi daude masonerian: erregularrak eta irregularrak; tradizio britainiarra eta frantsesa, hurrenez hurren. Erregularrek ez dute onartzen emakumeen parte-hartzea, baina irregularrek bai. "Niretzat erregularrak senide dira, baina haiek ez naute senidetzat hartzen. Gure logiak dauden emakumeek ezetz diote, argi dute erregularrak ez direla haien senideak". Behin Alemanian erregularren bilkura batean sartzeko aukera izan zuela aitortu du Laburuk. "Nire burua bertan aurkeztu nuen, eta masoiok dugun pasaportea erakutsi nien. Ez ziren konturatu nire logia irregularren tradiziokoa zenik".
Taldean sekretuan aritu izanak dezenteko buru-hausteak ekarri dizkio masoneriari historian zehar, eta konspirazioaren teoria ugari eratu dira gaiaren bueltan. Sekretuan biltzen den hainbeste jende garrantzitsu ikusita, ez al dituzte nahi izango munduaren norabideak aldatu? Ideia hori "guztiz gezurra" dela dio Laburuk, irmotasunez. Ideien inguruko eztabaidak egiten dituztela berretsi du, eta hori beste sinbolo baten bitartez adierazten dute: haien ideiak eta mundu profanoa bereizteko, eskua lepoan jarrita hitz egiten dute tenidan edo bilkuran ari direnean. Oso ideia kontrajarriak izanda ere, errespetu osoz egiten dutela dio. Adibide bat jarri du. "Duela 25 urte logia eratu zenetik, aurrenekoz bilkurak gazteleraz, euskaraz eta frantsesez egiten ditugu orain; baina, bereziki, senide batekin eztabaida handia izan nuen, berak uste zuelako tenidak gazteleraz egin behar zirela. Bozketa egin zen, ordea, eta hiru hizkuntzak erabiltzearen aldeko jarrera nagusitu zen".
Eztabaida horietan, hasierako urtean ikastunek entzun besterik ez dute, lehen graduan daudelako. Izan ere, hiru gradu daude masonerian, eta graduaren arabera erritu desberdinak egiten dira. Bilkura gehienak lehen graduan egiten direla dio Arabako masoien egungo maisuak, eta bigarren edo hirugarren graduko bilkurak egiten dituztenean, gradu horietakoak ez direnak kanpora ateratzen dira. Graduetan aurrera egiteko, ikastunek gai zehatz baten inguruko xaflak edo idazlanak egiten dituzte, eta gainerako kideek ikastun horren eboluzioa ebaluatzen dute. Modu horretan, ikastun horren bidea biribilduko dute. Prozesu horren sinboloak ere daude tenpluan: landu gabeko harri-koxkor bat eta perfekzioaren adierazle den harri kubikoa. Hurrenez hurren, jakintasuna, indarra eta edertasuna adierazten duten hiru zutabe daude tenpluaren erdian, gaua eta eguna edota gaiztakeria eta ontasunaren adierazle diren dama-taula baten inguruan daudelarik. Tenpluaren atarian beste bi zutabe daude: Salomonen tenpluko zutabeak. Azkenik, bilkuran zehar, ezpata bat eskutan duela, zeremonia babestuko duen zaindari bat jarriko da atean.
Keinu bereziak
Bilkurara dotore jantzita doazela azaldu du Laburuk. "Gizonezkoak beltzez eta alkandora zuriarekin, eta emakumeak jantzi beltz batekin". Tenidak iraun bitartean senideak euren lekuan mantenduko dira, norberak duen graduaren arabera. "Bilkuran zehar, mugitzen den bakarra zeremonia burua da". Hasi baino lehen, makilarekin hiru kolpe emango ditu zoruan, eta, musikaz lagunduta, "hiru argien" sarrera iragarriko du: lehen begiralea, bigarren begiralea eta maisu beneragarria, hain zuzen. Atabaka antzeko bat pasako dute bilkuraren amaieran, filantropia kontuetarako erabiliko dutena. "Adibidez, behin diru hori gaixotasun arraro bat zuen Gasteizko neska batentzat bideratu genuen. Dirua eman genion , familiari, gure kultura-elkartearen izenean, masoi ginela aipatu gabe, noski".
Bilkuretan zeintzuk parte hartuko duten jakiterik ez dute masoi ez direnek, baina haien artean elkar ezagutzeko keinu batzuk badituzte. Behin, Ameriketako Estatu Batuetako aireportu batean dirurik gabe gertatu zen Gasteizko senide bati horrelako keinu bat lagungarri izan zitzaiola dio Laburuk. Keinu zehatz batzuk eginda, beste masoi baten arreta eta laguntza lortzeko aukera izan zuen. Masoiek bakarrik erabiltzen dituzten keinu horietako bat egin du Laburuk. "Emadazu eskua", eskatu du. Eskua emanda, informazio kodifikatuaren miraria gertatu da. "Lasai, hau dagoeneko ez da sekretua. Tira, gaur egun, ia dena dago interneten".
Masoien historia: luzea eta korapilatsuaEuropako Erdi Aroan katedralak eraikitzeko sortutako gremioetan abiatzen da masoneria. Garaiko gremioetan hiru gradu ziren: ikastunak, kideak eta maisuak, eta hiru gradu horiek mantendu dira egungo masonerian. Igeltseroek erabiltzen zituzten tresnak mantendu dira ere, beti ere, balio sinbolikoarekin. Benetako harriak lantzen zituzten beharginen eta gizakien arima lantzen duten egungo masoien arteko trantsizioa XVII. mendean abiatu zen, eraikitzaileen elkarteetan pixkanaka beste lanbideetatik etorritako kideak sartu zirenean: masoneria operatibotik masoneria espekulatibora egindako jauzi hori bereziki Edinburgoko logian gertatu zen. Urte batzuk geroago, 1717an, erabateko aldaketa egon zen, urte horretan dagoeneko guztiz espekulatiboa zen Londresko Logia Handia sortu zutenean. Garaiko tirabira erlijioso eta politikoen aurrean, gizakien arteko senidetasuna helburu zuten lagunak bildu zituen mugimenduak. 1723an idatzi ziren masoneriaren oinarri ideologikoak ezarri zituzten 'Andersonen Konstituzioak' izeneko agiriak. Bertan zehazten zen katedrala eraiki beharrean, senidetasun unibertsala eraikitzearen beharra, "Unibertsoaren Arkitekto Handiaren omenez". Ideia berriek berehala jaso zuten Eliza Katolikoaren gaitzespena, baina horrek ez zuen ekidin mugimenduaren zabalpena, eta laster masoneria Europa osora eta Ameriketara hedatu zen. Senidetasuna helburu izateak ez zuen suposatu masoien arteko liskarrak sortu ez zirenik. Adibide argia dago gurean: 1813ko Gasteizko batailan aurrez aurre borrokatu ziren Jose Bonaparte eta Wellington jenerala, biak ala biak masoiak ziren. Ezaguna da Frankismoak masoneria debekatu zuela Espainian, eta, hortaz, urte luzez, Hego Euskal Herrian masoiek ezkutuan aritu behar izan zuten. Trantsizioarekin batera berpiztu zen masoneria antolatua. Gasteizko logia 1993an eratu zuten, hasiera batean gizonezkoak osatuta. Baina handik urtebetera emakume batek masoi izateko eskaera egin zuen, eta bera izan zen Hego Euskal Herriko lehen emakume masoia. |