Jatorri atzerritarra duten ikasleen eskolatzearen inguruko errealitatea jasotzen dituzten datuak berritu eta kaleratu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola-sistema aztertu ostean ondorioztatu dute Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan matrikulatutako ikasleen %22,8 atzerritar jatorrikoak direla, eta itunpekoetan, aldiz,%9,6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, atzerritik heldutako ikasleen %18 ikastetxe publikoetan daude matrikulatuta, eta itunpeko zentroetan, aldiz, %11,6.
Egoera herrialdearen arabera aztertuta, Araba da jatorri atzerritarra duen ikasle ehuneko altuena duen lurraldea (%25 Lehen Hezkuntzan eta %20 DBHn), Bizkaia (%15 - %14) eta Gipuzkoarekin (%15 - %13) alderatuz.
Lurralde bakoitzeko errealitatea hezkuntza-sareekiko aztertuz, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea sare publikoan gertatzen da gehien bat. Hala, Lehen Hezkuntzan, jatorri atzerritarreko ikasleen %84 sare publikoan dago matrikulatuta Araban. Portzentaje hori %68ra jaisten da Gipuzkoan, eta %67ra Bizkaian. DBHri dagokionez, Gipuzkoa da sare publikoan atzerritar jatorriko ikasle portzentajerik altuena duen lurraldea (%60,4); %58,8 dira Araban, eta %54,4 Bizkaian.
Txostenaren arabera, Gasteizen eta Arabako Errioxan daude matrikulatuta atzerritar jatorriko ikasle gehien.
"Nolanahi ere, desberdintasunak ez dira soilik sareen artean agertzen", adierazi du Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek. "Sare bakoitzaren barnean ere ageri dira. Badira sare bateko zein besteko zenbait ikastetxe, jatorri atzerritarreko ikasle kopuru baxua eskolatzen dutenak, nahiz immigrazio tasa altua duten zonaldeetan egon", onartu du. Ikerlanak datu berri asko dakartzala adierazi du eta horietan oinarrituta segregazioa saihesteko hartzen diren neurrietan "finago" aritzeko modua izango duela orain administrazioak. Helburua beti ere, "ekitatea" eta "gizarte kohesioa" direla adierazi du, eta eskolan bidea hasten duten ume guztiek "arrakasta" izateko era bermatzea.