Hau da hau pena! Lehendabiziko minutuak kenduz gero dena Alavesen kontrakoa izan da. Partidaren hasiera ezin hobea, 5. minutuan estrategiako jokaldi baten bitartez Manu Garciak huts eta batekoa egin du. Epaileak bideoren laguntzaz gola balekoa eman du, eta bazirudien garaipena gero eta hurbilagoa zegoela. Baina usteak erdi ustel! Handik aurrera dena hankaz gora jarri zaio talde arabarrari.
Izan ere, 23. minutuan epaileak, berriz ere bideo laguntzaren bidez, Duarte atzelariari txartel gorria erakutsi dio. Jokaldi honek erabat baldintzatu du partidaren nondik norakoa. Derrigortuta, Abelardok lehen aldaketa egin du, Borja Baston aurrelaria kendu eta beraren ordez Vigaray atzelaria jarri du berdegunean. Beraz, atzealdeko lerroak bere horretan jarraitu du sendotasuna erakutsiz. Handik gutxira Pina erdilariak zaintiratua izan du, eta aldagelara joan behar izan du. Beraz, gola, txartel gorria eta lesioa, dena hogei minutuan.
Eibar taldea jokalari bat gehiagoarekin behin eta berriz erasora joan da berdinketaren bila. Baina, alferrik, gol aukera argirik sortu gabe. Gehiegi erabili dute baloia zelai erdian baina inongo sakontasunik gabe. Horren ondorioz, atsedenaldia huts eta batekoarekin bukatu da.
Bigarren zatian, gauzak ez dira batere aldatu. Eibarrek nola edo hala berdinketa nahi izan du. Eraso gehienak etxeko taldearen eskuin hegaletik burutu ditu baina ez du saririk jaso. 61. minutuan, bideoa ere jokoan sartu da, epaileak jokaldi berriz ikusi ondoren, De Blasis jokalariari txartel gorria erakutsi dio sarrera maltzurra eta itsusia egiteagatik Vigaray atzelariari. Erabaki horren ondorioz, partida parekatu egin da.
Handik gutxira, banako berdinketa egin du Jordanek eta partida joan-etorrian sartu da. Bai Eibarrek zein Alavesek aukerak izan dituzte markagailuan aurrea hartzeko. Baina ate aurrean ez dute asmatu.
Azkenengo txanpan, bazirudien berdinketa izango zela emaitza, baina ez da horrela izan. Talde arabarrak denboraldi honetan azken minutuetan zortea alde izan du; oraingo honetan kontrakoa gertatu da. Korner baten bitartez, gola egin diote Siverari, eta hor amaiera eman zaio Alaveseko bolada onari.
Merezi gabe porrota, baina atzerapauso txiki honek ezin du zapuztu orain arte emandako maila. Oraindik orain taldea sailkapenaren goialdean da, eta hurrengo norgehiagoka Huescaren aurka izango da.
Eibar: Dmitrovic; Peña, Oliveira, Arbilla, Jose Angel (65’. Cucurella); Orellana, Escalante (40’. Charles), Diop, Jordan, De Blasis; Kike Garcia (72’. Sergi Enrich)
Txartel gorria: 61’. De Blasis
Txartel horiak: 72’. De Orellana, 77’. Arbilla eta 88’. Diop
Alaves: Sivera; Martin, Laguardia, Maripan, Duarte; Ibai, Manu Garcia, Pina (35’. Brasanac), Jony (76’. Rubén Sobrino); Borja Baston (29’. Vigaray) eta Calleri.
Txartel gorria: 23’. Duarte
Golak:
0-1: 5'. Manu Garcia.
1-1: 69’. Jordan
2-1: 91’. Diop
Ipuruako harmailak:
5.660 ikusle bildu dira Ipuruako harmailetan. Alaveseko ehunen bat zale Eibarrera joan dira eta etengabe taldea animatzen izan dira. Partiduaren bukaeran, txaloekin eskertu dute jokalariek egindako esfortzua.