Hilaren 15ean banatuko dituzte Lazarraga sariak

Erredakzioa 2018ko aza. 2a, 14:00

Artiumen izango da aurten Lazarraga sariketa. / Alea

Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea da sarien helburu nagusia.

Urriaren 18an itxi zen hautagaiak aurkezteko epea. Lan mundua eta euskararekin zerikusia duten alorretan parte hartzen duten entitateak gonbidatu ziren haien kideen artean sarien berri zabaltzera eta hautagaiak proposatzera. 

Hautagaiak aurkeztuta, epaimahaiaren lana da orain Lazarraga Sariak zeintzuk jasoko dituzten erabakitzea. Epaimahaia LANABES Araban euskara lanean ekimeneko kideek osatuko dute. Araban euskarak eremu sozioekonomikoan duen presentzian eragin eta handitzearen alde egindako lana baloratuko dute.

2018ko sariketan bost sari dira, erakunde zein norbanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko kontuan izango da zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko, eta zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko. Hala nola, kontuan izango dira euskaraz lan egiteko baliabideak, kanpo komunikazioa, formazioa euskaraz eskaintzea, hizkuntza paisaia edota barne agiriak. 

Sari banaketa azaroaren 15ean izango da, Artiumen, 19:30ean. Aurreko urteko saridunak izan dira, besteak beste, Lautada Bizirik, Txema Pascual, Assa Ikastola, Oreka IT, Electra Vitoria, Skunk Funk edota Etxeko Baratza. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago