Alaves bizi-bizirik dago Kopako kanporaketan aurrera egiteko

Ibon Gorrisi 2018ko aza. 1a, 08:52
Berdinketa atzerapauso txikia baldin bada, aurrera begiratu beharra dago. / ALAVES

Gironak azken minutuan binako berdinketa lortu zuen.

Mendizorrotzan gertatutakoa txanpon baten bi aurpegiak dira. Denboraldi honetan Alavesek azkenengo minutuetan puntu asko lortu ditu. Esne mamitan bizi izan da, baina Gironaren aurkako norgehiagokan paperak aldatu egin ziren. Izan ere, talde kataluniarrak 95. minutuan binako berdinketa lortu zuen, eta golarekin batera epaileak partidaren amaiera adierazi zuen.

Egia esanda, pena ikaragarria da. Gainera, zaleak pozez zoratzen zeuden 88. minutuan Martinek egindako gol bikainarekin. A zer-nolako gola! Izugarria harrobiko jokalariak egin zuena!.
Abelardok Ligako hamaikakoa goitik behera aldatu zuen. Albisterik pozgarriena Vigaray atzelaria berriz berdegunean ikustea izan zen. Lesio larri baten ondorioz urte luzea eman du zelaietatik kanpo. Honetaz gain, Martin eskuin hegaletik ezker hegalera aldatu zuen eta horrek emaitza ezin hobea eman zuen. Zelai erdian berrikuntzarik nabarmenak Sobrino eta Burgui izan ziren. Aurrealdean ezohiko bikoteak jokatu zuen: Guidetti eta Borja Baston.

Aldaketak aldaketa, lehen zatian Gironak eraman zuen jokoaren ekimena. Alaves, ohi bezala, ondo jarrita zegoen berdegunean baina aurrera begira oso erritmo gutxirekin aritu zen. Nahi eta ezin aritu zen. Kataluniako taldeak aldiz ondo aprobetxatu zituen aukerak, eta geldikako jokaldi baten ondorioz huts eta banakoa jarri zuen markagailuan.

Bigarren zatian, erabat oldarkor atera zen talde gasteiztarra. Erritmo bizia eman zion partidari berdinketa lortu ahal izateko. Ekinaren eta ekinez, 63. minutuan, Sobrinok buruz berdinketa jarri zuen markagailuan. Etenik eman gabe, joan etorri batean sartu zen norgehiagoka, Martinen gol paregabea heldu zen arte. Tamalez, azken hondarrean, berriz ere geldikako jokaldian, Eric Montesek area txikian bakar-bakarrik buruz  bidali zuen baloia sarera.

Edonola ere, Alaves bizi-bizirik dago Kopan. Sasoi betean dago talde arabarra, eta, berdinketa atzerapauso txikia baldin bada, aurrera begiratu beharra dago. Ametsak ez du etenik izango eta azken denboraldietan egindako balentria errepikatzeko moduan dago talde arabarra.

Alaves: Sivera, Vigaray, Maripan, Dieguez, Martin, Sobrino (80’. Ibai), Brasanac, Manu García, Burgui, Guidetti (66’. Twumasi) eta Borja Baston (72’. Calleri)

Txartel horiak: 93’. Dieguez.

Girona: Iraizoz, Andzouana, Bernardo, Alcala, Muniesa, Valery, Pere Pons, (63’. Patric Roberts)  Aleix Garcia, Lozano, Kevin Soní eta Doumbia (63’. Douglas Luiz , 85’ Eric Montes).

Txartel horiak: 65’. Kevin Soni.

Golak:

0-1: 18'. Alcala.
1-1: 63’. Sobrino
2-1: 88’. Martin
2-2: 95’. Montes

Mendizorrotza harmailak:

9.346  ikusle bildu ziren Mendizorrotzako harmailetan. Eguraldi oso kaxkarra eta partida guztian zehar euria egin zuen. Halere, zaleak hasieratik bukaeraraino kantuan izan ziren. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide