Mahaian da udazkeneko uzta

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2018ko urr. 31a, 17:12

Apinaizen gaztainak erretzeko garaia baliatu dute gaztainzaintza sustatzeko; Fresnedan, berriz, urteko txilar ezti uzta jaso eta prestatzen ari dira.

Zizak, gaztainak, aranak, eztia, intxaurrak, urrak… Asko dira Arabako naturak udazkenean eskaintzen dituen opariak, eta herrietan urte luzez baliatu diren jakiak dira, batik bat autokontsumorako.  Despopulazioarekin, baina, desagertzen joan da etxe guztietan erlauntzak izateko ohitura, edo tokiko fruta-arbolak zaintzeko eta baliatzeko lanak. Orain, sarritan, udazkeneko uztaren bilketa herrietara hurbiltzen diren bisitarien eta harrapakarien eskuetan dago.

Bilketa masiboari aurre egiteko neurriak jartzeaz gainera, hainbat herritan ere natura-ondarea berreskuratzeko lanean ari dira. 

Apinaizko kontzejua da horren adibide. 2010. urtean egin zuten tokiko fruta-arbolen ondarea ikertzeko saiakera bat Izkiko Parke Naturalean, eta horren ondoren gaztainondoak berreskuratzeko eta sustatzeko proiektua abiatu dute, Euskal Herriko Hazien Sarearen eta Arabako Diputazioaren eskutik. Gaztainaren ustiaketak Europan hartu duen garrantzia ikusirik, aukera ekonomiko osagarria izan daitekeela uste dute.

Hamabi hektareako gaztainadia

Joseba Ibargurengoitia Euskal Herriko Hazien Sareko kideak azaldu duenez, Apinaizko gaztainadia Izki parkeko handiena da eta, Zigoitikoarekin batera, Arabako nagusiena. Hamaika hektarea baino gehiago hartzen ditu eta 400dik gora zuhaitz motz zahar daude bertan, azken 50-60 urteetan inork ukitu ez dituenak. Beraz, toki egokia da gaztaina barietate desberdinak aztertzeko, eta interesgarrienak aukeratzeko. 

Herriko jendea animatuta dago proiektuarekin. Sergio Martinez de Rituerto Batzar Administratiboko lehendakariak parte-hartze handia azpimarratu du. "Asmoa azaltzeko topaketak egin ziren uztailean, eta hogeita hamar lagunek parte hartu zuten". Gainera, azken urteetan gaztainondoen inguruan garbiketak eta egurraren banaketa egin dituzte. "Bi hektareako eremua garbitu dugu, eta toki hori baliatuko dugu gaztainadi bat nola kudeatu behar den aztertzeko, inausketa teknikak,  txertaketak…".

Lehenengo jaia

Egitasmoaren barruan, Gaztaina Jaia egin dute Apinaizen, eta  Extremaduratik zein Errioxatik etorritako gonbidatuek azaldu dute bi lurralde horietan nola ustiatzen duten gaztaina. Halaber, fruitua erretzeko frogak egin dituzte, barietate desberdinen ezaugarriak ezagutu dituzte, eta Izkiko gaztaina hoberenak aukeratzeko lehiaketa ere egin dute.

Apinaizko gaztainek irabazi dute, eta ez da harritzekoa. Martinez de Rituerto alkateak dioen bezala, gaztainarekin beti bizi izan dira Arabako Mendialdean: "Autokontsumorako erabili izan da gaztaina, erreta edo egosita, baina ez da inoiz izan oinarrizko errekurtso bat, beste aukera batzuk  genituelako". 

Gaztainak bezala eztia ere biltzen dute Mendialdean, gainerako eskualde guztietan bezala. APIALen datuen arabera, bostehun erlezain daude herrialdean. 

Txilar eztia prestatzeko lana 

Gaubeako Fresneda herrian, esate baterako, txilar eztia egiten dute BegoÒa Diaz de la Presak eta Samuel Etxeberriak. Herriko bizilagun gehienak bezala, De La Presaren familiak erlauntzak zituen garai batean, eta ezti gozoa egiten zuen aitonak. Orain dela hamar bat urte berreskuratu zuen bikoteak familiaren tradizioa, eta hogei bat erlauntz  kokatu dituzte Arkamuko mendietan.

Jaso dituzte abaraskak, eta datozen asteetan eztia poteetan sartuko dute. "Artisau-lana da", esan du Etxebarriak. Abarasken operkulua eskuz kentzen dute, banan-banan, gero zentrifugatzailean  sartzen dira, eta ondoren iragazi egiten dute eztia, argizaria kentzeko. Berrehun kilo inguru aterako dituzte aurten. "Eskaera handia dugu eta ez gara iristen, baina hau ez da ogibidea".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide