Alavesek azken minutuetan festak ospatzen jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2018ko urr. 29a, 10:48
50. minutuan Callerik buruz sarera bidali zuen baloia, berdinketa lortuz. / Alaves

2-1 irabazi zion Vila-reali, eta sailkapenean bigarren tokian da.

Futbolean oso garrantzitsua da konfiantza izatea taldearengan. Alavesek berdegunea zapaltzen duen lehen unetik jakin badaki garaipena lortuko duela. Edo gutxienez, ahaleginak eta bi egingo dituela erdietsi ahal izateko. Azken hasperen eman arte dena emango duela.

Bada, azken partidetan horixe bera gertatzen ari da. Vila-realen kontra ekinaren ekinez lortu zuen garaipena. Luzapeneko azken minutuan Borja Bastonek eginiko gol bati esker hiru puntuak lortu zituen, eta sailkapenean bigarren tokian da, Bartzelonak dituenak baino puntu bakar bat gutxiagorekin. Hori da hori Alaves egiten ari den balentria denboraldi honetan!

Halere, Mendizorrotzan jokaturiko partidak bi zati erabat desberdinak izan zituen. Lehen zatian Vila-real nagusitu zen. Neurketa hasi eta izandako lehen aukeran gola egin zuen Gerard Morenok. Markagailuan aurretik joateak aukera eman zion jokoaren ekimena lasaitasunez eramateko. Alavesek, ordea, ez zuen inongo zirrikiturik aurkitzen area ingurura hurbiltzeko. Beraz, 0-1ekoarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Bigarren zatian Alaves oso oldarkor atera zen garaipenaren bila. Sobrinok 48. minutuan ate aurrean gola egiteko aukera paregabea izan zuen, baina huts egin zuen. Handik bi minutura, Callerik buruz sarera bidali zuen baloia. Banako berdinketa, eta hortik aurrera erasora etengabe. Abelardok aldaketak egin zituen, eta horietako batek emaitza ezin hobea eman zion. Izan ere, luzapenean, Ibairen ordez Borja Baston zelairatu zuen, eta jokalariak ukitu zuen lehen baloia saretara bidali zuen. Saltoka, kantuan, azken finean, berriz ere, eromena Mendizorrotzako harmailetan.

Festak ez du etenik ez Mendizorrotzan, ez etxetik kanpo. Ametsak jarraitzen du.

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ximo Navarro (60’. Maripan),  Duarte, Ibai (93’.Borja Baston), Pina, Wakaso (82’. Manu) Jony, Sobrino eta Calleri

Txartel horiak: 72’. Duarte.

Vila-real: Asenjo, Mario, Alvaro, Funes Mori, Jaume Costa; Manu Trigueros (83.’ Iturra), Santi Caseres (95’. Raba); Cazorla (66’. Ekambi), Fornals, Pedraza, eta Gerard Moreno.

Txartel horiak: 26’. Funes Morí.

Golak:

0-1: 10'. Gerard Moreno.
1-1: 50’. Calleri.
2-1: 94’. Borja Bastón

Mendizorrotzako harmailak:

16.956 ikusle bildu ziren Mendizorrotzako harmailetan gozatu ederra hartzeko. Partida osoan zehar zaleek etengabe animatu zuten taldea. Eguraldi kaxkarra izan arren, giro oso beroa izan zen. Une batez jende guztia izoztuta geratu zen Wakaso eta Ximo Navarro jokalarien buruek talka egin zutenean. Honen ondorioz, atzelaria ospitalera eraman zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide