Argazki eta irudiek gainezka egiten duten egun hauetan, etenaldia egin eta gogoeta egiteko hamaika arrazoi aurki daitezke World Press Photo erakusketan. "Gure eginbeharra herritarrak eta garrantzitsuak diren istorioak konektatzea da, eta horretarako garrantzitsua da profesional aske eta independenteen lana", azaldu du Carla Vlaun erakusketako arduradunak Gasteizen egindako agerraldian. Zeregin horretan 1955. urtetik ari da fotokazetaritza lehiaketa garrantzitsuena, eta, aurten ere, eskura izango dute Montehermosoko ur-biltegira gerturatzen direnek. 152 argazki onenak izango dira hilabete batez.