Orain hauteskundeak egingo balira, EAJ eta PP izango lirateke Araban eta Gasteizen boto gehien eskuratuko luketen alderdiak, hurrenez hurren, Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak datorren urteko hauteskundeei begira gaur aurkeztutako boto aurreikuspenaren arabera.
Boto estimazioan, Arabako Batzar Nagusietan EAJk eskuratuko lituzke boto gehien (botoen %25,9), eta EH Bildu litzateke bigarren indarra (%21,9); ondoren azalduko lirateke PP (%19,2), Ahal Dugu (%13,8) eta PSE (%11,9).
Gasteizen, PP eta EAJ alderdiek zazpina eserleku eskuratuko lituzkete: PPk botoen %24,5 eta EAJk %21,8 jasoko lituzkete. PPk bi eserleku galduko lituzke, beraz, EAJren mesedetan. EH Bilduk egun dituen seiak mantenduko lituzke, botoen %19,7 jasota. Irabazi eta Ahal Dugu batera joanez gero eserleku bat irabaziko lukete (guztira, lau zinegotzi, botoen %13,5), eta PSEk bat galduko luke (%12,4).