Batuan ere euskaraz

Oier Llinas 2018ko urr. 24a, 13:42

"Nire bizi osoa euskaraz egiten nuela pentsatzen, eta erratuta omen nengoen"

Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituak dio inork ez duela gaur egun zalantzan jartzen euskara batua beharrezkoa dela. Arrazoi pixka bat badauka, irratian, telebistan, liburuetan, zineman eta abarretan guztiz errotuta baitago. Hori bai, herrietako kaleetan barrena ibiltzerakoan argi dago ahozkoak batuari ihes egin diola. Bestela, Gernika edo Azpeitiatik bueltatxo bat eman eta zenbatu zenbatetan entzuten den euskara batua. Arabako herri gehienetan aldiz, gurasoen errietak, bikoteen maitasun hitzak edo tabernariari eskatutakoa euskara batu jator-jatorrean izango dira. Euskaldunak dira hauek ere, noski, baina beste herrialdeetako biztanleei ahaztu ez ote zaien pentsatzen dut sarritan. 

Aurrekoan trenean Kataluniako lagun batekin nengoen eta ondoan Oñatiko bikote bat eseri zen. Haiekin euskararen inguruan hasi ginen berriketan eta, momentu batean, gizonak zera esan zuen niri begira: "Guk euskaraz egiten dugu eta berak batueraz". Hara hor, nire bizi osoa euskaraz hitz egiten nuela pentsatzen, eta erratuta omen nengoen. Une baten isilik egon nintzen, zer esan jakin barik, eta segituan aitzakiekin hasi nintzen: txikitatik horrela ikasitakoa, ingurukoek erabiltzen zutena... Beharbada nire bizitza pribatuaren inguruko azalpenak besterik ez ziren, baina nire burua zuritzera behartuta nengoela sentitu nuen. Tamalez, horrelakoak behin baino gehiagotan bizi izan ditut. 

Bost hamarkada pasatu dira Arantzazuko biltzarretik, eta, oraindik ere, euskaldun batzuk bigarren mailakoa bazina bezala begiratzen zaituzte euskara batua erabiltzerakoan. Ez dut uste azken orduko berria denik, baina askok euskara batua da hitz egin dezaketen "euskalki" bakarra. Aurrera egiteko, bestearen hizkerari so egin beharrean, elkarrekin Euskaraz, letra larriz, hitz egiten dugula barneratzeko garaia da. Alegia, ahozko euskara ezberdin guztien edertasunez jabetzeko unea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago