Etorkinak ez dira arazo arabarrentzat

Juanma Gallego 2018ko urr. 24a, 12:47
Gaur aurkeztu dituzte Gasteizen 2018ko Barometroari buruzko datuak. / ALEA

Immigrazioari buruz egin den azken Barometroaren arabera, arabar gehienek ez dituzte etorkinak arazotzat hartzen: soilik hamarretik batek aipatu du gaia hiru "arazorik" handienei buruz galdetu zaienean.

Estatutik kanpoko immigrazioaren inguruan arabarrek dituzten pertzepzio eta jarreren inguruko 2018ko Barometroaren emaitzen aurkezpena egin dute gaur.

Atera duten ondorio nagusiena da, oro har, arabarrek ez dituztela arazotzat hartzen etorkinak. Hala, egun dauden hiru arazorik handienak zeintzuk diren galdetuta, gehienek arlo ekonomikora jo dute. Arabako datuei erreparatuta, erdiak uste du langabezia dela arazorik larriena, era jarraian doaz pentsioak (%19,3) eta "arazo ekonomikoak" (%17,5). Hamarretik batek uste du immigrazioa dagoela hiru arazo handienen artean, eta %4,1ek aipatzen du gaia lehen postuan. Hiriburuari dagozkion datuak antzekoak dira.

Lana gidatu duen Inmigrazioaren Euskal Ikuspegiaren zuzendari Jose Antonio Oleagak aurkeztu ditu datuak. Haren esanetan, immigrazioaren pertzepzioa oso lotuta dago etorkizunari buruz eta egoera ekonomikoari buruz dagoen pertzepzioari. Etorkinek eduki behar dituzten eskubideei dagokienean, gehienek uste dute etorkinek hezkuntza publikoa (%86,4) eta osasun zerbitzua (%77,3) ziurtatuta izan behar dituztela, haien egoera administratiboa edozein dela ere.

Seiko nota, batez bestean

Beste hainbat zerbitzuri dagokienean, berriz, jarrera itxiagoak ageri dira. Adibidez, paperik gabeko etorkinek arreta juridikoa izateari (%38,8 alde agertu dira), edo diru-sarrerak bermatzeko errenta edukitzeari (%36,6) dagokionean.

Datu guztiak bilduta, tolerantzia-indizea osatu dute. Zerotik hamarrera, seiko nota da batez bestezkoa. "Ez da nota txarra, baina hobetzeko aukera geratzen zaigu oraindik", esan du Oleagak. Orotara 1200 inkesta egin dituzte: 600 Gasteizen, eta beste 600 gainerako kuadrilletan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide