Gauerdian abiatuko da Hiru Handiak mendi lasterketaren XXI. edizioa

Erredakzioa 2018ko urr. 19a, 17:52
1.700 mendizale inguru espero dituzte aurtengo lasterketan. UNSPLASH

1.700 lagun inguruk parte hartuko dute EAEko hiru mendi esanguratsuenak batzen dituen lasterketan.

Murgian hasi eta Araian bukatu; baina erdian 100 kilometroko ibilbidea dago, tartean Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak daudela. Hiru "handi" horiek eta, horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak zeharkatzen dituen probaren XXI. edizioa gauerdian abiatuko da Zuiako herritik.

Dagoeneko hasi dira dortsalen banaketa Araian, eta arratsaldeko zortziak arte horiek eskuratzeko aukera egongo da. Orotara, antolatzaileek 1.700 lagun inguru espero dituzte aurtengo lasterketan.

Parte-hartzaileentzako anoa-postuak Otxandion, Landan eta Araiako helmugan jarriko dituzte, eta bertan jatekoak, edatekoak eta medikuen laguntza egongo dira eskura, baina ura banatuko dute ibilbidean zehar jarritako beste hainbat gunetan ere. Ura edateko, baina, mendizale bakoitzari edalontzi bana emango diote, ahalik eta hondakin gutxien sortu aldera. Lehen postuetan sailkatzen diren lagunentzako sariak Araian emango dituzte larunbatean, 19:00etatik aurrera.

Manuel Iradier Mendi Elkarteak antolatzen du ofizialki ibilaldia 1987tik, eta, azken urteetan, bi urtean behin egiten da proba. Dena dela, modu informal batean aurretik ere egiten zen lasterketa hori.

2016ko proban, Leire Martinez Herrera santurtziarra izan zen emakumeen artean garaile. 13 ordu eta 31 minututan egin zuen lasterketa. Gizonezkoei dagokienez, berriz, Iokin Garai Arejolaleiba oñatiarrak egin zuen markarik hoberena, 11 ordu eta 18 minututan bukatu zuelarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide