Euskarak dituen baliabideak ezagutu eta euskal komunitatearen etorkizuna irudikatu. Besteak beste, erronka horiei ekin die Eusko Ikaskuntzak 100 urte bete dituen honetan. Sei saiotan banatu dute Geroa Elkar-Ekin lelopean egiten ari diren kongresua, eta bosgarren saioa ostiral honetan abiatu dute Gasteizen. Azaroaren 23an emango diote behin betiko amaiera kongresuari, Oñatin.
Gasteizko saioa Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) proiektuan egindako lana gizarteratzeko baliatuko dute. Euskalgintzan azken urteetan agertu diren erronkek erantzun eta irtenbide berriak behar dituztela uste dute proiektuko sustatzaileek. Egitasmoaren xede nagusia "datozen hamarkadetarako euskalgintzaren aro berria konfiguratzen laguntzea da", Eusko Ikaskuntzak kongresurako landu duen Liburu berdean zehaztu dutenaren arabera.
Komunitatearen indarra
Euskara izan da prozesuaren ardatza, baina, batez ere, euskal komunitatea izan dute aztergai. Izan ere, ez dute analisia zentratu euskararen egoeran, euskaraz garatu nahi duen komunitateak prozesu horretan aurrera egiteko dituen kapitaletan eta aktiboetan zein etorkizuneko aukeretan baizik. Horren zergatia azaldu du proiektuan parte hartu duen Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak: "Euskararen egoeraren gaineko datuak eta ikerketak aspalditik egiten ari dira, eta horretan sakontzen jarraitu beharra dago, noski. Baina orain arte ohikoa ez zen planteamenduari heldu zaio. Komunitatean jarri dugu arreta".
Euskaraz garatu nahi duen komunitateak hartu du, beraz, protagonismoa. "Ez soilik euskaldunak", Martinez de Lunak nabarmendu duenez. Zentzu honetan, Arabaren kasua oso adierazgarria izan dela dio. "Euskararen aldeko mugimenduaren parte handi bat duela 40 urte erdaldunen eskutik etorri zen. Ekarpen oso inportantea egin zuten, eta ekarpen hori egiten jarraitu dezakete gaur egun ere". Komunitate horrek dituen baliabideak edo kapitalak aztertzeari ekin diote. Guztira, sei arlo bereizi dituzte: giza kapitala, kapital soziala, azpiegitura kapitala, kapital ekonomikoa, politikoa eta kulturala.
Aktibo zehatzak
Kapital hauetan guztietan dauden aktiboak identifikatu dituzte ondoren. Horietako batzuk abstraktuagoak dira, eta, besteak, zehatzagoak. Adibidez, kapital sozialaren aktiboetako bat da "euskalgintza sektore berritzailea dela eta gizartearen onarpena duela". Kapital politikoaren alorrean, berriz, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloaren garrantzia edo "etorkizunean erakundeetan aginduko dutenak euskaldunak" izango direla azpimarratu dute jardunaldiotan.
Proiektua lantzeko hainbat mintegi egin dituzte Gasteizen. Iazko ekainean izan zen lehena. Proiektua azaldu zuten bertan, eta parte-hartzaileen ekarpenak jaso zituzten. Komunitatearen kapitalen mapa marrazteko tailerra egin zuten. Mapa horretan sakontzeko Delphi izeneko metodoa baliatu zuten. Gizarte zientzietan erabiltzen den tresna honek aurreikuspenak lortzeko balio dezake. Aditu talde batek galdetegi bat betetzen du, eta, bigarren fase batean, beste adituen ekarpenak ezagututa betetzen da berriro galdetegia. Modu horretan, txandaz txanda, adostasun batera iristen da.
Otsailean egin zuten bigarren mintegia, eta, bertan, euskaraz garatu nahi duen komunitatearen egungo aktiboen maparen emaitzak ezagutu eta "etorkizuneko eszenarioen konstelazioa" lantzen hasi ziren. Hirugarren mintegia joan den ekainean egin zuten.
Orain arte egindako bidea "luzea baina atsegina" izan dela dio Martinez de Lunak. "Bai arduran ibili garen taldekideen artean zein hiru mintegietan bildu diren beste pertsona batzuk ere oso jarrera lagungarriarekin eta ilusioarekin bildu garelako. Ez da erraza izan, teknikoki konplikatua eta korapilatsua izan da, baina mamitsua eta sakona ere bai".
Konplexutasun hori erabilitako teknikei zor zaie. Bai planteamenduan zein erabilitako terminologian orain arte egin diren eskemetatik alde egin dute, eta "eskema berritzaileetara" jo dute. Halako prozedurak nazioartean hainbat hausnarketa taldetan erabiltzen direla azaldu du Martinez de Lunak. Funtsean, "dauden baliabideak aztertu eta horiek nola antolatu eta optimizatu" izan da prozesuan parte hartu dutenen helburua. "Azken finean, eta egin daiteken ahaleginarekin, ahalik eta etekinik handiena ateratzea da asmoa".