Hidrokarburoak bilatzeko 'Lore' baimena eman du Jaurlaritzak, Aramaio hartzen duena

Erredakzioa 2018ko urr. 17a, 14:47
Lore baimenaren eremua.

Berriztuk salatu du Armentia-2 zundaketa baimenduko lukeen aldaketa proposatu duela EAJk Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak LandareLore eta Sustraia izeneko ikerketa baimenak eman dizkie Shesa elkarte publikoari eta Petrichor Euskadi enpresari hidrokarburoak bilatzeko. Guztira, 1.306 kilometro koadroko zabalera hartuko dute baimenek, eta Bizkaian eta Gipuzkoan daude, nagusiki, baina Arabaren zati bat ere hartzen dute: Aramaioko ekialdeko erdia. Izan ere, Lore ikerketa baimenak 37.314 hektarea hartuko ditu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean. 

2011. urtean aurkeztu zituzten enpresek hiru ikerketa baimenak. Garai horretan Eusko Jaurlaritzaren asmoa haustura hidraulikoa baliatzea zen. Ordea, 2016an Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi zuen gasaren presentzia ikertzeko fracking teknikari uko egingo ziola.

Hala, Gasteiztik gertu zulatu nahi duten Armentia-2 zundaketan, jatorrian, haustura hidraulikoa baliatu behar zuten, eta gaur egun beste teknika batzuk aztertzen ari da Shesa elkarte publikoa.

Hain zuzen egitasmo honen harira, Berriztu taldeak eta Fracking Ez plataformak salatu dute EAJk Armentia-2 putzua kokatuta dagoen lurzoruaren kalifikazio urbanistikoa aldatzea proposatu duela, "proiektuaren bideragarritasun urbanistikoa bermatzeko". Gaur egun lurzoruak duen hirigintza izaerak zundaketak egitea debekatzen du.

Berriztu eta Fracking Ez plataformek Armentia-2 asmoaren inguruan gasteiztarrek duten "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu dute, eta hurrengo udal osoko bilkuran mozio bat aurkeztu dute, egungo arautegi urbanistikoa aldatzearen inguruan herri-kontsulta bat egiteko proposatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide