Hispanitatearen egunaren ospakizuna salatzeko mobilizazioek Gasteizko kaleak beteko dituzte ostiralean. Ikasleek goizetik antolatu dituzte "jai egun arrotzari planto egiteko" ekimenak. Hiriburuan, Los Herran eta Koldo Mitxelena institutuko ikasle mugimenduek hitzaldiak antolatu dituzte, 10:00etatik aurrera, Los Herran institutuan bertan; Alde Zaharreko Auzolana pilotalekuan ere izango da biltzeko aukera: lantegiak, antzerkia eta hitzaldiak izango dira bertan. Aiaraldean, berriz, Laudio ikastolan hitzordua dute eskualdeko ikasleek; 11:00etatik aurrera tailerrak antolatu dira hezkuntza erreformaren inguruan, eta 13:00etan mural-pintaketa egingo dute.
Eguerdian, Arabako Emakumeen Asanbladak elkarretaratzea deitu du, Andre Maria Zuriaren plazan Kolonialismorik ez. Gorputz eta lurraldeen burujabetza lelopean.
Askapena erakunde internazionalistak, bere aldetik, 13:30ean, elkarretaratzea deitu du, Andre Maria Zuriaren plazan Inperialismoaren aurrean herriko erresistentzia! Venezuela aurrera lemarekin. Gauean, berriz, jaialdia eta kontzertuak izango dira Gasteizko Gaztetxean.
Bestetik, Euskal Herriko eta Venezuelako futbol selekzioek Mendizorrotzan jokatuko duten partidura joateko kalejira antolatu dute zaleek, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. 19:00etan aterako dira futbol-zelaira Andre Maria Zuriaren plazatik, eta 20:45ean hasiko da partidua.