Martxan da Araba Euskaraz 2019. Armentia ikastolak antolatuko du aurten eta Liher Larreak, ikastolako Lehendakariak azaldu bezala helburua “gertu egotea" izango da. "Gasteizko, eragileengandik gertu, hiria euskalduntzeko gertu, Arabako herrietatik gertu, euskalgintzatik gertu, berdintasunerako gertu, emateko gertu eta finean… zoriontsu izateko gertu". Hori izango da Armentia ikastolaren helburua etorkizunera begira, eta hori adierazi dute logoarekin.
1981 urtean ospatu zen, lehendabiziko aldiz, Araba Euskaraz, eta ordutik urtero ospatu den jaialdi honek milaka eta milaka arabar batu ditu, euskaraz, herrialde osoan zehar. Armentia ikastolak 25 urte bete ditu, eta dagoeneko 1.200 ikasle baino gehiago ditu. "Jaialdiarekin proiektua sendotzera goaz", azaldu dute. Euskararentzako Araban urte biziki garrantzitsua dela nabarmendu dute "Euskaraldia, Korrikaren bukaera eta Araba Euskarazekin".
Armentiak Arabako ikastolen jaialdia 2006 urtean antolatu zuen azkenekoz, eta ordutik 13 urte igaro direlako Araba Euskaraz antolatzeko "gogotsu" daudela azaldu dute Naroa Velasco eta Iratxe Valle ikasleek. Hori dela eta, kultur egitaraua urte osora zabaltzeko apustua egin dute. "Jaialdia ekainaren 16an izango bada ere, azarotik ekainera antolatu nahi ditugu kultur ekitaldiak, Gasteizen eta Araba osoan, herrietan ere eraginez".