alea.eus

Tragedia handiekin emango diote hasiera

Erredakzioa 2018-10-05 16:55   Kultura  Araba

Gaur hasiko da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia, Wajdi Mouawaden eskutik.

Tragedia handiekin emango diote hasiera
'Des mourants', Wajdi Mouawadekin. | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko antzoki eta jaialdi onenetan txalotutako zuzendaria, Wajdi Mouawad, antzezle modura helduko da Gasteizko Nazioarteko 43. Antzerki Jaialdira. Inflammation du verbe vibre lanarekin inauguratuko du denboraldia, urriaren 5ean, eta Les larmes d'Edipe obra ekarriko du urriaren 6an.

Abusuari buruzko trilogiari amaiera emango dio Tanttakak, urriaren 9an –euskaraz– eta urriaren 10ean –gaztelaniaz– Izoztutako haizea lanarekin, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Komediari leku egingo dio jaialdiak, urriaren 11n, Alfredo Sanzolen  La valentía obrarekin, eta umore absurdoarekin helduko da Sergio Peris Mencheta zuzendaria Quién es el señor Schmitt? lanarekin.

Esto no es la casa de Bernarda Alba taularatuko du Carlota Ferrer zuzendariak urriaren 19an; irudia, poesia, musika eta dantza uztartuko ditu Federico Garcia Lorcaren hitzak entzungo diren lanean, honetan aktore eta dantzari gizonezkoen ahotan. 

Meritxell Barbera eta Inma Garcia koreografoen eskutik helduko da Man Ray, urriaren 25ean, egile horren irudiaren inguruan osatutako dantza ikuskizuna. Isabella Rosellini aktore eta zinema-zuzendaria izango da egun bat beranduagoa, urriaren 26an, animalien inguruko bakarrizketa umoretsua aurkeztera. Eta zirkoa berriro definitzeko asmoarekin jaio zen Les 7 Doigts de la Main konpainiak emango dio amaiera hilabeteari, urriaren 31n, akrobaten gorputzek eta mugimenduek osatuko duten Bosch Dreams-ekin. 

Josep Maria Pou aktore handiak literaturako pertsonaia garrantzitsu bat taularatuko du, azaroaren 2an: Moby Dick. Hainbat urtetan Gasteizko jaialdian parte hartu duen La Zaranda azaroaren 8an bueltatuko da, Ahora todo es noche obrarekin, tradizioa eta apurketa uztartuko duen lanean. Antzinako errituak oinarri izango ditu Kukairen lan berriak ere, Erritu-k, gogoeta garaikidea eginez, azaroaren 9an. Eta joan den jaialdian multimedia-obra arrakastatsua aurkeztu zuen 1927 konpainiak The animals and children took to the streets ekarriko du oraingoan, azaroaren 14an.   

Daniel Veronese Argentinako zuzendariak Chejoven Osaba Vaniaren obraren bertsioa aurkeztuko du, azaroaren 17an: Espía a una mujer que se mata. Espainiako antzerki garaikideko zuzendari garrantzitsuenetako batek, Pablo Messiezek, bestalde, Todo el tiempo del mundo ekarriko du, azaroaren 22an.

Carme Portacelli zuzendariak Jane Eyre eramango du Principalera, azaroaren 24an, Ariadna Gil aktorearen eskutik.

Principal antzokiarekin batera, eskaintza zabala izango dute hiriburuko gizarte etxeetako antzokiek jaialdian. Besteak beste, Javier Barandiaran, Txubio Fernandez de Jauregi eta Esperanza Lopez aktoreek La conquista de lo inútil eramango dute Felix Petite antzokira, urriaren 20an, eta Mireia Gabilondo zuzendariak Erlauntza lana aurkeztuko du, azaroaren 15ean –euskaraz– eta 16an– gaztelaniaz–; Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo izango dira aktore lanetan. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa