Indar Baskoniaren kontrako "jazarpen poliziala" salatu dute

Erredakzioa 2018ko urr. 5a, 15:51
Indar Baskonia hintxa taldeak egindako agerraldia, Aihotz plazan. / Indar Baskonia

47.000 euroko isuna jaso dute hamar saskibaloi-zalek urtarrileko partida batean gertatutakoagatik.

Urtarrilaren 29an, Madrilen, Estudiantes-Baskonia partidan gertatutakoagatik, 47.000 euroko isuna jarri nahi die Kiroletako Indarkeria, Arrazismo, Xenofobia eta Intolerantziaren kontrako Espainiako batzordeak Indar Baskonia taldeko hamar zaleri. Taldeak urteetan haren kontrako "erasoak" izan direla salatu du, eta orain "erabateko jazarpen poliziala" bizitzen ari direla. 

Aihotz plazan egindako agerraldian azpimarratu zuten salaketa: "Espainiako Poliziak egun hartan izan zuen jarrera lotsagarria berresten dugu. Urteetan egin digute eraso, baina oraingoan gure taldeak bizi duen jazarpen poliziala gehiegizkoa da". Aurreko agerraldi batean azaldu moduan, urtarrileko partida hartan Indar Baskoniako bi kide identifikatu zituzten bakarrik, "eta ez zieten inolako ohartarazpenik egin; are gehiago, teorian, ohiko identifikazio bat omen zen".

Hintxa izatea ez da delitua lelo zuen pankartaren atzean, hainbat galdera plazaratu zituzten: "Bidezkoa al da taldea animatzera joan eta erasotua izan eta espedientea jasotzea, berririk izan gabe gainera? Nola da posible bi lagun identifikatu eta hamar lagunek jasotzea isuna? Zein da benetako arrazoia?". Baskoniazaleei eurekin bat egin eta "gehiegikeriaren kontra" egiteko galdegin zieten. "Ez gara isilduko".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide