Itxita badago ere, Garoñako zentral nuklearra polemika iturri da. Izan ere, bertako biltegi nuklearraren inguruan tantaka zabaltzen ari da informazioa, eta oraindik ez da argitu noiz hasiko diren zentral nuklearra eraisten eta hondakin arriskutsuak gordetzeko biltegia eraikitzen. Operazio horren kostuaren inguruko zifra bat eman du aste honetan Espainiako Gobernuko ordezkariordeak Burgosen. Pedro de La Fuenteren arabera, Enresak 480 milioi euro inbertituko ditu Garoña eraisteko, eta hamabost urteko epea behar izango dute lanak egiteko; litekeena da erreaktorearen piszinan dauden erradioaktibitate altuko hondakinak ateratzeko eta biltegian sartzeko denbora gehiago behar izatea. De la Fuentek azaldu duenez, 2020. urtera arte ez da hasiko eraispena.
Izan ere, hainbat tramite egin behar ditu Enresak aldi baterako biltegi nuklearra eraikitzen hasi baino lehen. Biltegiak hamar edukiontzi edukiko lituzke, Garoñako hondakin erradioaktibo arriskutsuenak gordetzeko. Edukiontziak aire zabalean egongo dira, zentralaren kokalekuan baina zentralaren funtzionamendutik erabat bananduta. Hormigoi armatuko lurrikaren kontrako bi plaka eraikiko dira 40x20 metrokoak eta horien gainean jarriko dira edukiontziak; bi harlauza hauen inguruan 5.200 metro koadroko hormigoizko zolua jarriko da, eta eraikuntza ixteko 3,5 metroko altuerako hormak altxatuko dituzte.
Printzipioz, Garoñako biltegian gordeko diren hondakinak Gaztela-Mantxako Villar de Cañas herrian eraikitzeko asmoa dagoen hilerri nuklearrera eramatea aurreikusita zegoen, estatu osoko hondakinak bertan zentralizatzeko, baina proiektua geldituta dago, eta ondorioz ez da argitu noiz arte izango den Garoña biltegi nuklearra.
Zergak eta inbertsioa
Horregatik, hain zuzen, Gaztela eta Leongo PPko gobernuak bertan eraikiko den biltegi nuklearren gaineko zerga berri bat ezarriko duela iragarri du, eta aste honetan bertan onartu dute erkidego horretako Gorteetan zerga arautzeko lege proiektua. Talde politiko guztiek –PSOEk eta Csk– kontra bozkatu dute, PPk izan ezik, eta auzitan jarri dute neurri fiskalaren legezkotasuna. Gaztela eta Leongo gobernuak, aldiz, zerga berriaren bitartez urtean hamar milioi euro bilduko direla nabarmendu du.
Inbertsioak dira, hain zuzen, Garoñako zentralaren inguruan bizi diren Arabako eta Burgosko herritarrek eskatzen dutena, itxieraren ostean ingurunearen etorkizun ekonomikoa eta soziala bermatzeko. Hamalau udalerritako alkateak eta zonaldeko elkarteak garapenerako plan bat prestatzen ari dira, eta aurki aurkeztuko dute Espainiako Kongresuan. Horien artean Lantarongo eta Gaubeako udalak daude.