“Kooperazioa ez da laguntza kontua, justizia globala baizik”

Juanma Gallego 2018ko urr. 6a, 06:00
Vanessa Cachafeiro eta Marian Uriarte, Koordinakundeak Gasteizen duen egoitzan. / ALEA

Mundua gero eta globalagoa den heinean, orduan eta arazo konplexuagoak sortzen dira, eta horiei aurre egin nahian ari dira kooperazioan aritzen diren elkarteak. EAEko taldeak biltzen dituen koordinakundeak 30 urte bete ditu aurten, eta atzera begiratzeko ez ezik, etorkizunerako erronkak finkatzeko baliatu dute urteurrena.

Duela hiru hamarkada eratu zen euskal kooperazioa modu koordinatu batean, bereziki 0,7aren aldeko mobilizazioei esker. 11 elkarte ziren orduan, eta 79 dira dagoeneko. Egindako bideaz eta urratzear dagoenaz mintzo dira Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkarteen Koordinakundeko Vanessa Cachafeiro (Gasteiz, 1982) eta Marian Uriarte (Gasteiz, 1968), Arabako ordezkaria eta elkarteko bozeramailea, hurrenez hurren.

Urteurrena egin berri duzue. Nolakoa da atzera begira egiten duzuen begirada?

Marian Uriarte: Duela 30 urte sortu ziren Euskadiko lankidetza politikak; erakundeen aldetik zein administrazioaren aldetik bide luzea egin dugu, eta bide hori positibotzat hartzen dugu. Kontinente guztietan eta esparru desberdinetan lan egin dugu, pobreziaren, hezkuntzaren edota giza eskubideen alorrean. Hasieran gutxiago jorratzen bagenuen ere, denborarekin emakumeen eskubideak bermatzeko lan handia egin da.

Vanessa Cachafeiro: Egindako bide hori lelo batean bildu dugu: azken 30 urte hauek aztarna utzi dutela adierazten duen leloa, hain zuzen. Benetan uste dugulako aztarna utzi dugula. Batetik, genero berdintasuna sustatu dugu, eta hori izan da bereziki euskal kooperazioaren ezaugarri handienetako bat. Bestetik, asistentzialismotik alde egin dugu: guretzat kooperazioa ez da dohaintza bat, eta gu ez gara “laguntzen” ari. Hau justiziari, giza eskubideei eta duintasunari lotuta doan zerbait da. Txirotasuna ez da zerbait naturala edo bat-batekoa, atzean arrazoi batzuk badira. Zorionez, instituzioen babesa daukagu, baina hau ez da kasuala, euskal gizartearen eskariaren isla baizik. Azken hamarkadetan egon diren mobilizazioak funtsezkoak izan dira.

Baina askotan asistentzialismo horren irudia mantentzen da…

M.U.: Egia da, kooperazioaz hitz egiten dugunean, jende askok herri txirotuetan lan egitearekin parekatzen du gure lana. Guk ideia horretatik aldendu nahi dugu. Kolaborazioa da gurea, berdinen arteko harremana lantzen dugu. Bestalde, herri txirotuetako elkarteekin eta jendearekin egiten den lana bezain garrantzitsua da hemen egiten dena: gure bizimoduaz kontziente izan behar dugu. Ez gara isolaturik bizi, gizarte globalizatu batean baizik.

Desberdintasunaren atzean arrazoiak badirela aipatu duzue. Hainbeste elkarte izanda, ez al da zaila arrazoi horien diagnosian bat egitea?

V.C.: Hala da, 79 erakundeen artean aniztasun handia dago. Badira izaera erlijiosoa dutenak, eta deshazkundearen ikuspegitik edo ekofeminismotik datozenak ere. Baina arrazoi horien minimoetan ados jarri gara. Intermon Oxfamek salatzen du munduko populazioaren %8ak baliabideen %86 bereganatzen dituela: eztabaidarik behar ez duen datu objektiboa da hori. Gure aniztasunaren barruan, Gobernuz Kanpoko Erakundeok konturatzen gara herritarrei erakutsi behar diegula gure bizimoduen ondorioak zeintzuk diren, bai beste lurraldeetan zein gure artean. Mundu globalean, Iparralde-Hegoalde alde hori lausotu egin da. Baina bizimoduak zalantzan jartzea baino harago joanez, alternatibak mahai gainean jartzen ditugu: kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza, banka etikoa, deshazkundea… funtsean, nahi duguna da lukroa eta aberastasuna ez egotea politika publikoen eta giza antolakuntzaren erdigunean, pertsonak baizik.

M.U.: Koordinakundearen parte izateak gure arteko harremana errazten du, proiektu komunak garatzeko aukera dugulako, eta eztabaidarako guneak sortzen direlako. Azkenean, horrek guztiak aberastasuna ekartzen dio elkarte bakoitzari. Tira, ez gara elkarte zurrunak, oso irakaspen onak izateko aukera izan dugu, eta eboluzionatu egiten dugu.

Horren adibideren bat emango zenukete?

V.C.: Gasteizen erreferentzialtasun handia hartu duen Zentzuz kontsumitu izeneko kontsortzio batean hamar urte baino gehiago daramagu lanean Setem Hego Haizea, Medicus Mundi eta Mugarik Gabe elkarteok, Gasteizko Udalaren eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. Elkarlana oinarri, guztiok batera gehiago egiteko aukera izan dugu, eta, modu horretan, jendearen kontsumo ohituretan eragiteko gai izan gara.

Hamar urte hauetan errusiar mendi baten parekoa izan da: garapenaren hasiera, burbuila, krisialdia… nola moldatu zarete “kanpoko laguntza” hori jendeari azaltzeko?

M.U.: Egia da publikoaren arabera, beti ez dela erraza izan gure jarduera justifikatzea. Baina beti argi izan behar dugu hau ez dela laguntza, justizia baizik. Gizarte globalean gaude, eta gizarte batzuk besteak baino txiroagoak izatea ez da funsgabekoa. Alde horien atzean arrazoi argiak daude; horregatik diogu justizia kontua dela.

V.C.: Erdialdeko Amerikan presa bat eraikitzeko komunitate lokalak lekuz aldatzen dituen enpresa hemen norbaiti argia kentzen dion enpresa bera izan daiteke. Arazoak gero eta konplexuagoak dira, eta ekintzek maila lokalean zein globalean eragiten dute.

Joan den astean Bilboko Euskalduna jauregian ospakizun txiki bat egin duzue. Nolakoa izan da?

V.C.: Besteak beste, aitortza egin diogu Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate izandakoari. 1988an Gasteizko Udala aitzindaria izan zen instituzioen artean, aurrenekoz aurrekontuaren %0,7a kooperaziora bideratu zuelako. Horren zergatia galdetu diotenean, berak oso modu zintzoan erantzun du urte horretan Udalean superabita izan zutela, eta erabaki zuten zati bat kooperaziora bideratzea. Oroitu du ere bazegoela udal talde bat hori egin nahi ez zuena, berton dezenteko arazoak bazireneko argudioaz, baina Cuerdak erantzun omen zien justizia kontua zela, eta ez dohaintza bat.

Baina orain salatzen duzue instituzioak ez direla 0,7 horretara iristen…

V.C.: Hala da. Batez bestekoa egiten badugu, zazpi instituzio nagusiek —Jaurlaritzak, hiru diputazioek eta hiriburuetako udalek— aurrekontuen %0,44 bideratzen dute kooperaziora. Gasteizko Udalari aitortu behar zaio gutxi gorabehera konpromiso hori betetzen jarraitzen duela. 0,7aren helburua Nazio Batuek proposatu zuten 1970eko hamarkadan. Eta garai gogorragoak izan dira, krisialdian batzuetan ekarpena %0 izan baita. 2017an 63 miloi euro bideratu ziren 350 proiektu martxan jartzeko. Imajina ezazu 0,7a izanda zenbat proiektu berri bidera litezkeen. Dena dela, aurrekontu horiek beharrezkoak dira aurrera egin ahal izateko, baina ez da soilik diru kontua. Instituzioei ere darabiltzaten politiketan koherentzia edukitzea askatzen diegu.

Zer nolako koherentzia?

M.U.: Kontua da instituzioek gauza bat egiten dutela eta gero beste zerbait egiten dutela, horregatik diogu koherentzia falta dagoela.

V.C.: Jaurlaritzaren kanpo ekintza eta diputazioen lanari jarraipena egin diogu. Zehazki, Gipuzkoako Diputazioaren kasuan dependentzia politikak aztertu dira, Bizkaian ingurumen politikak eta Araban nekazaritza politikak. Instituzio hauei esaten diegu beste modu batez egin daitezkeela gauzak. Ez dauka zentzurik 0,7ra iristeak eta gero, esate baterako, Jaurlaritzaren kanpo politikak filosofia honekin bat ez datozen jardueretan oinarritzeak.

M.U.: Enpresak gero eta gehiago sartzen ari dira, askotan aurpegia zuritzeko. Horrek kezkatzen gaitu, eta iruditzen zaigu kooperazioaren eredu purua mantendu behar dela, enpresen ezkutuko interesak sartzea ahalbidetuko duten kooperazio politiken aurrean.

Europako Batasunean giroa nahasia dago egunotan. Horren aurrean zer egin daiteke?

V.C.: Europako Batasuna balore batzuetan oinarritzen dela esan digute, baina hori ez da egia. Politika kriminalak aurrera eramaten ditu, eta, ezinbestean, zer nolako batasuna nahi dugun birpentsatu beharra dago. Oraingo ereduan kapitala dago erdigunean, eta ez pertsonak. Giza eskubideak urratuta dituzten lagunak gurean hartzeko arazorik ez dago. Bestalde, migrazio krisia ez da kasualitatea. Alboratuta dagoen populazioaren %92 horretako parte bazara, normala da zure egoera hobetu nahi izatea, eta zure burua lekuz aldatzea, horretarako bizia arriskuan jarri behar baduzu ere. Baina herritarrei mezu faltsuak iristen ari zaizkigu, gu desmobilizatzeko. Batzuetan beharrezkoa da zure errealitatetik ateratzea konturatzeko ez dela hain erraza txorrota bat irekitzea eta bertatik ura ateratzea.

M.U.: Horregatik, beharrezkoa da mobilizatzea eta sareak osatzea. Gizarte mugimendu asko daude, eta horiek hobeto artikulatu behar dute, kalean egoteko gaitasuna erakutsiz. Kalean jaio ginen, eta hor mantendu behar dugu. Horregatik uste dut kaleetan mobilizatzea premiazkoa dela. Horrek indarra emango digu beste hainbat arloetan presioa egiteko eta eragin politikoa lortzeko. Bestalde, boluntarioen rola azpimarratu beharra dagoela uste dut. Kanpora joan behar izan gabe, hemen bertan lan asko dago egiteko. Norberaren gustuen eta nahien arabera, batzorde batean edo bestean lan egin daiteke. Egunero, astean behin, hilabetean behin… honetan buru-belarri ari garenok, gainera, asko eskertzen dugu kaletik datorren haize fresko hori.

 

Nikaragua eta Burgu, lotuta

Xochitl Acatl

Ezinezkoa da laburbiltzea azken 30 urte hauetan EAEko elkarteek mundu osoan zehar aurrera eramandako kooperazio proiektuak. Horien inguruko informazioa www.ongdeuskadi.org webgunean ematen dute, luze eta zabal.Horien artean, Burguko Udalak Nikaraguako Xochitl Acatl elkartearekin egindako elkarlana dago, Mugarik Gabe erakundearen babesa izan duena. Bereziki herriko emakumeak Nikaraguara egindako bidaia batean indartu zen elkarlana. Ondorioz, Burguko Argia emakume taldeak eutsi zion elkartasunaren erronkari. Nikaraguako emakumeen ahalduntzea eta elikadura burujabetzaren sustapena dira kooperazio proiektuaren helburu nagusienak. Emakume talde batek 1991n martxan jarri zuten proiektu hori, Malpaisillo hirian, emakumeek haien kabuz erabakiak hartzeko baldintzak sustatu aldera. Hasiera batean ugalketa osasunari lotuta, denborarekin genero ikuspegia bere osotasunean lantzen hasi ziren, eta nazioarteko elkartasun sare handi bat egitea lortu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide