Arabako hondakinen kudeaketa, Europako irizpideetatik oso urrun

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018ko urr. 5a, 16:55
Emakume bat Gasteizko edukiontzi batean plastikoa botatzen.PHOT.OK

Murriztu, birziklatu eta berrerabili. Hiru printzipio horietan oinarritu du Europako Batzordeak etorkizunerako hondakinen politika. Mahai-gainean dagoen Arabako Hiri-Hondakinen Planak erronka zaila du aurretik.

Ez da erraza izango. Europako Batasunak oso argi zehaztu ditu helburuak: 2020rako, hiri-hondakinen erdia birziklatu beharko da; 2025ean, %55; eta 2035ean, %65. Era berean, ezingo da %10 baino gehiago zabortegira bota. Araban 2006-2016 planaren bidez kudeatu dira orain arte hiri-hondakinak, baina ez dira bete duela hamar urte Aldundiak onartu zuen planaren helburuak; eta oso urrun dago herrialdea Europak zehaztu dituen kopuruetatik. 

Ekonomia zirkularra aipatu du Europako Batasunak hondakinen gaitza arintzeko bide bezala: murriztu, berrerabili eta birziklatzearen kontzeptuetan oinarritzen den teoria da hori. Produktu, osagarri eta baliabideen erabilgarritasuna eta balioa sisteman mantentzea lortu nahi du ekonomia zirkularrak, edo, beste modu batera esanda, hondakinak gure ekosistematik ezabatzea. Materia biodegradagarri oro naturara bueltatu behar da eta hala ez dena, sisteman berriro barneratu.

Ekonomia zirkularra aipatu du ere Arabako Foru Aldundiak, eta foru gobernuak baieztatu du printzipio horien inguruan osatu nahi dutela 2030. urtera arteko hiri-hondakinak kudeatzeko plana. 2017ko irailean aurkeztu zuten lehenbiziko zirriborroa, eta iragan astean Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean agerraldia egin zuten Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Josean Galera Ingurumen diputatuak eta Gasteizko Udaleko zein Arabako Diputazioko arduradun teknikoek planaren azken ukituak azaltzeko. Hurrengo hilabeteetan Arabako hiri-hondakinak kudeatzeko plan berria eztabaidatzen hasiko dira alderdi politikoak, eta planak berak aitortzen duen "bide kritikoa"-ri aurre egin beharko diote.

Funtsezko aldaketak behar dira

Murriztu, birziklatu eta berrerabili. Europak finkatutako hiru irizpideak kontuan izan beharko dituzte arduradun politikoek eztabaidan; eta horiek betetzeko urrats handiak egin beharko dituela herrialdeak, oso epe laburrean. Lehenik eta behin, arabar bakoitzak sortzen duen hondakinen kopurua murriztu beharko da; 2016. urtean 419 kilo sortu zuen bakoitzak, eta legeak 418,5 kilo biztanleko erreferentzia finkatu du. Tarte txikia dago eta inguruko herrialdeekin alderatuta, askoz datu hobeak ditu Arabak –EAEko batez bestekoa 514 kilo biztanleko da–, baina kontrolatu eta hobetu beharreko portzentajea da.

Bestalde, hiri-hondakinen birziklatze tasa igo beharko da; egun %31 bakarrik birziklatzen da, eta 2020 urterako gutxienez hondakinen %50 birziklatu beharko da. Planak lehentasunezko hondakin motak definitu ditu, eta organikoa nabarmentzen da guztien artean, bolumen handiena suposatzen duelako, eta bilketa selektiboan oso tasa txikia ematen duelako. 

Halaber, Gardelegiko zabortegira eramaten den hondakinen kopurua erabat murriztu beharko da; gaur egun Gardelegira doa Arabako hondakinen %52 eta zabortegia da Europak hondakinentzat gomendatzen duen azken neurria. Hortaz, 2020. urterako, hondakinen %35 bota ahalko da, gehienez, Gardelegin, eta 2030. urterako %15. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 166. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide