Dieselaren inguruan dauden zalantza eta tirabirak ondorio zehatzetan islatzen ari dira. Mundu osoan mota honetako ibilgailuen salmenta gutxitzen ari diren heinean, ekoizpena egoera berrira egokitzen ari dira multinazionalak. Mercedes Benzek Gasteizen duen lantegian hala egin dute.
Irailaren 18an jakin zen Gasteizko lantegian bost egunez lana eten behar zutela: hil honen 8, 9, 10, 11 eta 19an izango da etenaldia. Derrigorrezko jai egun horiek oraindik hasi ez direnean, beste bost laneguneko murrizketa iragarri dute orain. Azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an, eta abenduaren 21ean bertan behera utziko dute ekoizpena.
Ez da neurri bakarra. Azaroaren 12tik aurrera gaueko lan txanda etengo dute, abenduaren 20ra arte, hain zuzen. Kontuan izanda abenduaren 21ean lantegia geldituta egongo dela, eta ondoren gabonetako oporraldiak datozela, praktikan neurriak suposatzen du 24 orduko ekoizpena etengo dutela, eta urtearen amaierara arte bi txandatara baino ez dutela lanik egingo. Ordu horiek langileek duten aparteko lanorduen poltsatik aterako dira, eta langile guztiei eragingo die, bai zuzenean lantegian lan egiten dutenei zein zeharka multinazionalarentzat lan egiten dutenei.
Ekoizpen txikiagoa
Antza, neurri horien helburua ekoitziko diren ibilgailuen kopurua murriztea da. Hasiera batean aurten Gasteizen 160.000 ibilgailu inguru egingo zituztela aurreikusten zuten. Oraingo neurriekin, berriz, ekoizpena 147.000 ibilgailutara jaitsiko da. Orain arte zurrumurruak baino ez zirenak, beraz, gauzatu dira, eta langileen kezka da hurrengo pausuak zeintzuk izango diren, bereziki aldi baterako langileen etorkizunari dagokionean.