X. Banden Lehia abian da

Azkue Fundazioa 2018ko urr. 3a, 13:39

Hamar urte bete ditu Banden Lehiak, Azkue Fundazioak sortutako lehiaketak. 

Euskarazko musika sustatzea du helburu, eta bandarik entzutetsuena sarituko du beste behin. Hamar urteotan bai taldeen maila eta bai irabazlerentzako sariak asko hobetu dira, eta hamagarrena sekulako sariekin dator.

Internet bidezko bozka

Lehiaketak bi fase ditu. Hasiera batean Internet bidez burutzen da sailkapena. Taldeek Interneten emango dute izena Banden Lehia webgunean, eta euren musika argitaratuko dute.Taldearen jarraitzaileek eta publiko orokorrak Internet bidez bozkatuko du. Horretarako jakinarazi egin beharko dute taldeek lehiaketan parte hartzen ari direla, eta euren aldeko botoak eskatuko dituzte. Boto gehien lortzen duen taldea finalerako sailkatuko da automatikoki.

Epaimahaiak, bere aldetik, beste hiru aukeratuko ditu. Eta lau talde horiek zuzeneko ekitaldian arituko dira finalaren egunean.

Zuzeneko finala

Publikoaren botoei esker sailkatutako taldeak eta epaimahaiak aukeratutako beste hirurek zuzenenean jardungo dute oholtza gainean. Zuzeneko horretan bertan erabakiko da zein den Banden Lehia 2018ko talde irabazlea.

Emanaldian bertan izango dira publikoa eta epaimahaikideak. Publikoak zuzenean bozkatuko du eta honen emaitza erabakiaren %40a izango da; beste %60a epaimahaiaren iritzia kontutan hartuta erabakiko da. Hamargarren edizio honetako finala azaroaren 17an izango da, Bilborocken. 

Parte-hartzeko bideak

Banden Lehian, euskaraz jotzen duen edozein taldek eman dezake izena. Eta urriaren 26a arte zabalik dago.

Hona hemen jarraitu beharreko pausoak:

  1. Webgunean sartu "parte hartu" botoia sakatu; taldearen izena eman, inprimakian datuak betez.

  2. Taldearen musika argitaratu.

  3. Webgunearen  Bandak atalean agertuko da taldea eta musika zuzenean entzungai izango da.

  4. Jarraitzaileei eta lagunei botoa eskatu.

Sekulako sariak

Finalistak aukeratzeko epea zabalik izango da urriaren 30a bitartean, eta finala azaroaren 17an jokatuko da. Hamargarren edizioa sekulako sariekin dator, gainera. Hona hemen:

  • 1. Bilbao BBK Live eta Euskal Herria Sona'19 jaialdietan jotzea eta disko bat ekoiztea
  • 2. Bideoklip bat filmatzea
  • 3. Mundaka festival jaialdian jotzea
  • 4. 500 euro

Hortaz, animatu eta parte hartu!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago