Arabako Diputazioak Erreferenteak izeneko kanpaina jarri du martxan, gizarteari, emakumeei, eta bereziki, 13 eta 15 urte bitarteko neskatilei kirola praktikatzeko gonbita egiteko. Horretan hainbat emakume kirolari arabar dira protagonista: besteak beste, Elena Loyo, Maider Unda, Estibaliz Martinez, Dina Abouzeid, Eli Pinedo, Laura Pardo, Made Urieta, Maria Ascasso, Bego Gago edo Nerea Gambra. Egingo diren ekintzen ahotsa eta irudia izango dira horiek guztiak.
Estatistikek diote adin tarte batzuetan emakumeek kirola egiteari uzten diotela. Hori kontuan izanda, indarrak batzeko "beharrizanetik" sortu da kanpaina: "Indarrak batzen, emakume askori aukera berdinak izatea eragotzi dieten kristalezko sabai horiek puskatzen jarraitzeko", aipatu dute Diputazioko ordezkariek ekimenaren aurkezpenean.
Abendura bitartean, hainbat ekintza egingo dira; tartean, topaketak Gasteizko eta Arabako hainbat ikastetxetan. Lehenengoa asteartean, urriak 9, izango da Gasteizko Paula Montal eskolan. Herrialdera begira, beste bi ekimen dabiltza prestatzen emakumezkoen kirola agerian jartzeko asmoarekin: horietako bat Arabako Errioxan egingo dela iragarri dute.
Bestalde, azarorako jardunaldiak antolatu dituzte. Zenbait emakumek bere testigantza eta esperientzia pertsonalaren berri emango dute horietan.
Eskola kirola
Estatitiskek erakusten dituzten "hutsuneak" betetzeko asmoz, Eskola Kiroleko kanpainaren barruan ere lan egiteko konpromisoa hartu du Diputazioak, eta hori dela eta, berritasuna dakar aurten horren eskaintzak: jarduera erritmikoak, musika oinarri dutenak, eskainiko direla, bereziki haur eta kadeteen mailetarako; bakarrik jolasera bideratuta daudenak. Esaterako, honako hauek: zumba, gymbike-spining, body power-body pump, aerobic edo aerofit.
Pasa den ikasturtean, Arabako 17.000 haur baino gehiagok parte hartu zuten eskola kirolean: 10.000 mutikotik gora, eta 6.800 bat neskatila. Emakumezko kopuru altuenak dituzten modalitateen artean, gimnasia erritmikoa dago; parte hartzaileen %95etik gora dira neskak. Atletismoak, igeriketak eta irristaketa hastapenak, berriz, %50etik gorako parte-hartzea dute. Bestetik, saskibaloia izan da emakumeezkoen artean igoerarik handiena izan duen taldeko kirola