Zuei gustatu ala ez

Irati Arroniz, Mikel Saenz de Buruaga, Aitziber Ramirez de la Piscina eta Mikel Elorza 2018ko urr. 1a, 13:19

"Gure eguneroko lanak ematen digun zilegitasun guztiarekin aterako gara kalera, zuei gustatu ala ez".

Hala da, badira gauzak gure hirian zuei gustatu ala ez, izan badirela. Adibidez, Alikate jauna, badira 10 urte Alde Zaharreko frontoia Alde Zaharreko bizilagunen artean instituzioen utzikeriatik berreskuratu genuela, ikustekoak dira orduko argazkiak Gorka, egoera penagarria non eta Udalaren jabetza den eraikin batean, urteak hutsik eta itokinez beteta izan eta gero… 

Badira 30 urte muinoko etxea berpiztu zenetik. Belaunaldiz belaunaldi elikatu da Gasteizko gaztetxea, autogestioa, okupazioa, asanblada eta auzoarekin harremana oinarri. Nahikoa "guaya" iruditu zitzaion zure alderdiari 2005ean egin zen Gaztetxe eguna, atxikimendua eman baitzuen eta nahikoa "guaya" iruditu zitzaion ere talde politiko berari 2008an burutu zen Piztu Gasteiz ekimena, ondorengo egunetan herri mugimenduaren antolatzeko gaitasuna goresten zuten PNVko bozeramaileek. Bai Gorka bai, guri ere egun guayak iruditu zitzaizkigun, urte osoan zehar egiten den lan ixila kalera ateratzeko aukera eman ziguten eta Gasteizko jendartearen babes zabala jaso zuten bi ekimenek, lehenengoarekin Alonso eta Gaztetxearen obsesioaren kapitulua ixtea lortu genuen esaterako, lorpen ederra zinez. 

Badira 35 urte Hala Bedik uhinak okupatu zituenetik, eta geroztik Gasteizko herri mugimenduak bozgoragailu ikaragarria eraiki du, ehunka gasteiztar pasa dira estudioetatik, musikaz aritzera, Palestinako errelitateaz, emakumeon testigantzetaz, ekimen lokaletaz edo auzoetako jaietaz. Badira 35 urte herritarrak inongo menpekotasunik gabe, komertzializaziotik ihes eginez, txikitasunetik bi irrati frekuentzia egun eta gau edukiz betetzen dituztela, horrek berezko balio bat ematen diola gure egunerokoari. Uhin hauetatik zuei gustatuko ez zaizkizuen kontu asko zabalduko dira, bertsio ofizialetatik haratago doazen ahotsak bilatzen baitituzte komunikabide askeek, eta beste medioetan esaten ez denari ere erreparatzen zaio.

Badira bost urte Errekaleor auzoa okupatu zutela zenbait gaztek; geroztik espekulaziorako prestatuta zegoen lurzoru batean, bizi proiektu bat loratu da. 130 pertsonatik gora daude Errekaleorren bestelako bizi eredu bat posible dela erakusten Gasteizi, Euskal Herriari. Eta… akabo Gorka, hau udal gobernuan kudeatzea tokatu zaizu eta… dagoeneko ez da guaya bestelako errealitate posibleak eraikitzea…. Ez da berdintasuna sustatzen duen jarrera bat okupatzearen asunto hau, diozu tonu oldarkorrean.

Okupazioa tresna eraginkorra izan da gure hirian, auzo mailako ekipamendu gabeziari aurre egiteko, edota urte luzeetan zehar maila lokaleko musikari eta sortzaileei oholtza bat eskaintzeko. Okupazioa, gazte askorentzat, etxebizitza eskubidea bermatzeko aukera izan da, beste askori bizi proiektu kolektibo bat garatzeko aukera eskaini dio. Okupazioak pitzatu egiten du merkatuaren logika, guztiok ez baititugu gure alokairua, hipoteka edo zergak modu berdinean ordaintzen alikate jauna. Gure hirian pribilegio bereziak dituzten pertsonak dira, arrazoi duzu, besteen kontura bizi direnak, zerga gutxiago ordaintzen dituztenak, berdintasunerako aukera mehatxu gisa bizi dutenak. Eskola publikoetan etorkinen seme-alabekin nahastea maite ez duten pertsonak dira, enpresa handiak eta zerga txikiak ordaintzeko ohitura dutenak, etxebizitzarekin espekulatzeko joera dutenak, gizonezkoak eta zuriak gehienak portzierto, abiadura handia eta agintea maite dutenak izaten dira, ez dira Errekaleorren bizi, ezta Pintoko etxe okupetan ere. Gasteiztarren %1a izango dira seguraski…Ba al duzu horrelako lagunik, Gorka?

Zintzoki... Ez ginen zure atseginekoak izateko munduratu. Ez dugu inor ordezkatzeko bokaziorik, hori da herri mugimenduaren dohaia eta potentziala. Inor ordezkatu nahi gabe, askotan jendartearen nahi eta desirekin konektatzea lortzen du eta hortik energia geldiezina sortzen da. Eraldaketa garrantzitsuak emateko gai izaten den energia hori, 2015eko udaberrian Andra Mari Zuria kolorez bete zuen huraxe bezala. Hura bai izan zen, nola esan… Proiektu ilusionantea, ezta Gorka?? 

Okupatu Gasteiz ekimena galaraztea erabaki politikoa izan da. Duela bost hilabete zeuden baimen guztiak eskatuak eta duela hilabete teknikariek jasotako dei baten kontura gelditu ziren tramiteak. Antza, Okupatu Gasteiz lemapean Gasteizko erdialdea jendez betetzea probokazioa omen da, deliturako deia.

Gasteizko jendarteak ezagutzen du bere herri mugimendua, kolektibo hauek ez dute gezurraren beharrik. Zuk ez bezalaxe, izateko ez dutelako inoren baimenik ez bozkarik behar. Hori bai dela, Gorka, proiektu deprimentea, hiriko eskuin erreakzionarioari bozka batzuk lapurtzearren kalearen erabilera debekatzea.

Alikate desberdinak sufritu ditugu eta aurrera egin dugu, debeku eta mehatxuek antolatzera behartu gaituzte, eta herritarren babesarekin proiektuok indartu egin dira urtez urte. Urriaren 6an, gure eguneroko lanak ematen digun zilegitasun guztiarekin aterako gara kalera, zuei gustatu ala ez, gu ere Gasteiz bagarelako.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago