Alavesek irabazten hasi eta galtzen bukatu zuen

Ibon Gorrisi 2018ko urr. 1a, 11:03

Irabaztea ona da gozatzeko, baina galtzea ere bai ona da pentsatzeko. / ALAVES

Ciutat de Valencian Levanteren aurka jokatutako partidan bi eta bat galdu zuen.

Irabaztea ona da gozatzeko baina galtzea ere bai pentsatzeko. Ahoa bete amets izan dugu aste bukaeran zehar. Iragan ostegunean berdinketa baliotsua Getaferen aurka lortu ondoren ia-ia gehienok ikusten genuen Alaves lidergoan. Baina Ciutat de Valencian galtzeak erakusten du Liga honetan ez dela batere erraza garaipenak lortzea.

Partidari hasiera bikaina eman zion Alavesek, izan ere, lehenengo minutuetan aukera asko sortu zituen. 4. minutuan Ruben Duarte errematea egin zuen eta 5.ean Ibaik erdiratutako baloia Sobrinok buruz sarera bildu zuen, markagailuan aurretik jartzeko. Gol honek Levante taldea kikildu ordez berpiztu zuen eta norabiderik gabe minutu batzuk izan ondoren buru belarri sartu zen partidan.

Talde arabarrak beherakada izan zuen eta Levantek etekina atera zion 19. minutuan. Jason aurrelariak buruz banakoa jarri zuen markagailuan. Hortik aurrera talde bakarra izan da berdegunean eta aukera asko sortu zituen Pachecoren ate inguruan. Horietako batzuk garbiak izan ziren. Bigarren gola ailegatzear zen eta horixe bera gertatu baitzen. 36. minutuan Toñok area barruan jaurti eta markagailua irauli zuen.

Etxekoek nola edo hala irabazi behar zuten lau puntu besterik ez zutelako. Abelardok zuzenduriko taldea, ordea, ametsari jarraipena eman nahian atera zen bigarren zatian. Hasi bezain pronto Sobrinok, berriz ere, aukera izan zuen berdinketa egiteko, baina ez zuen asmatu. Partida joan-etorri bizian sartu zen eta Levantek hirugarrena egiteko ere aukera izan zuen.

Azkenengo minutuetan Callerik, Ibai Gomezek —zutoinera bidali zuen baloia—, eta Maripanek gol aukerak egin zituzten berdinketa lortzeko. Halere, oraingo honetan zortea ez zen izan Alavesen aldekoa.

Oraingoan punturik ez, baina hurrengo larunbatean Real Madrid izango da aurkaria. Gozatzeko aukera paregabea!!

HAMAIKAKOAK:

Levante: Oier, Cabaco (60’. Chema) Postigo, Rober Pier, Toño, Campaña, Prcic, Morales, Rochina (82’. Doukouré), Boateng eta Jason (59’. Simon)

Txartel horiak: 46’. Jason, 72’. Prcic, 79’. Rochina, 84’. Morales, 91’. Chema, 93’. Toño, 93. Campaña

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Maripan, Duarte (45’ Ximo Navarro), Manu Garcia, Pina, Ibai Burgui (58’. Burgui) Sobrino y Guidetti (65’. Calleri)

Txartel horiak: 85’. Sobrino

Golak:

0-1: 5’. Sobrino
1-1: 19’. Jason
2-1: 36’. Toño

Ciutat de Valenciako harmailak:

20.000 ikusle bildu ziren Ciutat de Valenciako futbol-zelaian. Partidaren hasiera minutu bateko isilunea gorde zen. Arabatik joandako berrogeiren bat zaleak hasieratik bukaeraraino taldea animatuz izan ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago