Ondo ekin diote bi taldeek norgehiagokari eta markagailuan berdintasuna izan da nagusi lehen 20 minutuetan. Zaragozak talde eraberritua dauka aurtengoan eta kalitate salto bat eman nahi dute Porfi Fisac entrenatzailearen mutilek. Halere, gaur-gaurkoz gasteiztarrak nagusi izaten jarraitzen dute eta jokoaren erritmoa igotzea lortu dutenean, partida puskatu egin dute.
Aldageletatik bueltan, defentsa gogortu, kantxa osoko presioa egiten hasi eta barne jokoan egun duten nagusitasunari etekina ateratzen asmatu dute Pedro Martinezen mutilek. Markagailuan pareko egotetik (48-48), minutu gutxiko tartean partida erabakita uztera (68-48) igaro dira Baskoniako jokalariak. Shengelia (21 puntu, 8 errebote) eta Poirier (17 puntu, 6 errebote) izan dira nagusi barne jokoan eta beraien eskutik markagailuan alde nabarmenarekin garaitzea lortu dute azkenik.
Indar Baskonia harmailetatik kanpo
Indar Baskoniak ligako lehen partidan harmailetan egoteari uko egin dio. Astean zehar sare sozialen bitartez jakinarazi zuenez, Indar Baskoniako kide batzuek jaso dituzten isunak salatzeko, Zaragozaren kontrako partidan ez egotea erabaki dute.
Hintxa taldeko hamar kidek jaso dituzten isunek 47.000 euroko kopurua batzen dute, eta kirol esparruetan urte batez sartzeko debekua ere ezarri nahi diete. Isun hauek iazko denboraldian, urtarrilaren 28an, Madrilen Estudiantes taldearen kontra izandako partidan dute jatorria.