Lan munduarekin eta euskararekin lotutako Lazarraga sarien bosgarren edizioa aurkeztu dute Arabako Diputazioak eta Bai Euskarari elkarteak. Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskararen alde lan egiten duten entitateak eta pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea dute helburu. Denera, bost sari emango dira.
Epaimahaia Lanabes, Araban Euskara Lanean ekimeneko ordezkariek osatuko dute. Sarituak aukeratzerakoan honako irizpideak izango dituzte kontuan:
- Zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko.
- Zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.
- Era berean, ezarritako beste neurri edo baliabide batzuk ere kontua hartuko dira, hala nola:
- Euskaraz lan egiteko baliabideak.
- Kontratazioak.
- Barne agiriak.
- Kanpo komunikazioa:
- Hizkuntza paisaia.
- Produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak.
- Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan.
- Formazioa euskaraz eskaintzea.
- Euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean.
- Erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera.
- Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.
Urriaren 18ra arte aurkeztu daitezke hautagaitzak LANABES.eus webgunean. Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 8an izango da, Gasteizko Artium museoan.