"Batera" diru-laguntza deialdia aurkeztu dute Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteak. Gasteizko gazteek kultur proiektuak aurkezteko aukera izango dute, eta antolatzaileek crowdfunding egitasmo bat martxan jartzeaz laguntzeaz gain, 1.000 euroko ekarpena egingo diete deialdian aukeratutako hiru proiekturi. Urriaren 16tik abenduaren 16ra aurkeztu daitezke proiektuak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, edozein ideiak balio du euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo disko bat argitaratu, ekitaldi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, antzezlan bat sustatu...
Jasotakoen artean epaimahaiak hiru proiektu aukeratuko ditu, eta gazte horiei crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa antolatzen lagunduko diete, Hori martxan denean, antolatzaileek 1.000 euroko ekarpena egingo diete. "Gazteei sormena garatzeko aukera eman behar diegu, eta hori, egun, beren lengoaian egin beharra dagoi: Internet bidez eta parte-hartzea sustatuz".
Deialdiaren oinarriak itsulapikoa.eus plataforman aurki daitezke.