Zazpi gazteren atxiloketa legez kontrakotzat jo du Konstituzionalak

Erredakzioa 2018ko ira. 26a, 15:48

Herri harresia egin zuten Gasteizen. ALEA

Auzitegi Nazionalak ez zuen bete legeak aurreikusten duen prozedura judiziala, eta zazpi gazteren askatasunerako oinarrizko eskubidea urratu zuen.

2015. urteko maiatzean zazpi gazte atxilotu zituzten Segiko kide izatea leporatuta –horien artean bost gasteiztar zeuden–. Hiru urte geroago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kontrakotzat jo du Auzitegi Nazionalaren epaia. Angela Murillo epailea zen orduan Laugarren Sekzioko buru.

Konstituzionalaren iritziz, ez zegoen gazteen atxilotzea eta kartzelatzea agintzeko nahikoa arrazoirik, epaia ez zelako irmoa, gazteak zigortzeko argudioak ahulak zirelako eta ez zutelako ihes egiteko arriskurik. Hortaz, Konstituzionalak baliogabe utzi ditu Aiala Zaldibar, Igarki Robles, Marina Sagastizabal, Xabat Moran, Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebanen atxiloketa eta espetxeratze aginduak.

Zaldibar, Robles eta Esteban Ertzaintzak atxilotu zituen Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2015eko maiatzean Gasteizen antolatu zen herri harresian, bertan zirenen aurka bortizki oldartuta.

2016an, Auzitegi Gorenak nabarmen murriztu zuen Auzitegi Nazionalak zazpi gazteei ezarri zien zigorra, defentsaren helegitea aintzat hartuta. Zazpi gaztetako bost absolbitu egin zituen, eta gainontzeko biak —Ainhoa Villaverde eta Ibon Esteban— bi urteko espetxealdira zigortu zituen. Beraz, ez zuten kartzelara sartzeko moduko zigorrik jaso.

Gazteen abokatu taldeak azaldu duenez, aztertzen ari dira Espainiako Estatuari ordaina eskatzea, "Auzitegi Nazionalaren jarduera irregularraren ondorioz jasandako kalte larriengatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago