Kezka zabaldu da pinudietan

Juanma Gallego 2018ko ira. 29a, 06:00

Nazioarteko aditu talde batek gertutik ezagutu du arazoa, Neiker-Tecnaliak antolatutako jardunaldietan. neiker

Pinudiei eragiten dien gaitza Arabara iritsi da, baina instituzioek oraindik ez dakite zein baliabide erabili horri aurre egiteko. Kaltetuek kezka agertu dute, eta aterabideak badirela ziurtatu dute.

Ez da onddo berria, baina azken hilabeteetan luze eta zabal hedatu da. Orain arte bereziki Gipuzkoa eta Bizkaia jo ditu, baina pixkanaka Arabara zabaldu da. Dothistroma pini eta Lecanosticta acicola onddoek sortzen dituzte, hurrenez hurren, banda gorria eta banda marroia izenekin ezagutzen diren gaitzak.
Mehatxua aspaldikoa bada ere, adituek diote azken urteko eguraldia bereziki erabakigarria izan dela gaitzaren benetako eztanda eragiteko, batez ere negu motela izan delako.

Zuhurtziaz mintzo dira gaiarekin lotura duten erakundeak. Arabako Diputazioak baieztatu du onddoa herrialdean sartu dela dagoeneko, "gehienbat Bizkaitik eta Gipuzkoatik hurbilen dauden tokietatik". Diputazioko teknikariak oraindik azterketak egiten ari direla diote, baina oraindik ez dakite norainokoa den onddoaren afekzioa. Aurreratu dute, baina, "ikusten den guztia ez dela banda marroia".

Basogintzako enpresariak biltzen dituen Baskegur Euskadiko egurraren elkarteak "berehalako neurriak" har daitezela eskatu du. Erakundearen esanetan, onddoen hedapena "geldi daiteke", hainbat neurri hartuta. Nekazaritza ekologikoan erabiltzen diren "bioestimulatzaileak" aipatu dituzte,  eta baita "basogintzako ohitura onak" zein "espezie iraunkor alternatiboei" buruzko ikerkuntza.

Egoera 'kafkiarra'

Ez dirudi aterabide erraza dagoenik. Egunotan Neiker-Tecnaliak Arkautin duen egoitzan nazioarteko adituak bildu dira, eta, besteak beste, Zeelanda Berrian erabilitako baso ereduak aztertu dituzte.

Ekologisten ustez, arazoak bertoko baso tradizionalak berreskuratzeko bidea ireki lezake. Eguzki taldeak enpresariei laguntza emateko aukera arbuiatu du. "Basojabeen jarduerak sortutako arazoa" izanik, haiek konpondu behar dutela diote, "beren diru gastu eta sarrerak denon artean ordaintzea kafkiarra" delako. "Ekologismoak hamarkadetan lortu ez duena, onddo mikroskopikoak" lortzen ari direla erantsi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago