Giro atseginean eta lagunartean, ahalegin handirik gabe, ordutegi arazorik gabe... zuk erabakiko duzu noiz eta nola.
Edonork parte har dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak. Parte hartzeko gutxieneko euskara maila eskatzen da. Hona hemen aukerak:
Mintzataldeak:
Bospasei laguneko taldeak izaten dira; horiek osatzeko, kontuan hartzen ditugu parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak. Mintzataldeak bildu ahal dira kafetegian, tabernan, edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun giroan.
Gurasolagun:
Familientzako mintzataldeak dira; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko. Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko. Asteburu-pasak ere antolatzen ditugu, urtean bitan, gutxienez.
Ekintza osagarriak:
Gure ekintza osagarrien bidez, beste hainbat aukera topatuko dituzu euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Besteak beste: hitzaldiak; irakurzale klubak; sukaldaritza, eskulan, yoga edo dantza tailerrak; kantulagunak...
Kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak ere egiten ditugu: mendilagun, bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, yoga, berbabentura (eskia, eskalada, surfa...). Horrela lagun berriak egiteaz gain, herrietako kultur eskaintza eskaintza zabaldu egiten da.
Mintzodromoak:
Mintzodromoak herriko plazan antolatzen dira, eta aukera ezin hobeak izaten dira inguruko euskaltzaleok batzeko. Jalgi hadi plazarat!
Mintzapraktika online:
Etxetik atera gabe hitz egin nahi baduzu, edo urruneko beste euskaldun batzuekin, Mintzanet zerbitzua duzu bideo-konferentzia bidez aritzeko: www.mintzanet.eus
Izen-emate epea zabalik
Eta guztia dohainik! Parte-hartzea dohainik da, eta hamaika abantaila eskura ditzakezu: emanaldietarako txartelak, opariak eta deskontuak; esaterako, Aizu!, Argia, Berria eta Gaztezulo-ko harpidetzetan...
Eman izena hemen eta euskaraz bizi eta praktikatzeko hamaika aukera izango dituzu!
Edozein argibidetarako jo gure webgunera.