Alavesek 'jairik jai' jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2018ko ira. 24a, 11:05
Bero izugarria egin arren, jokalariek erritmo bizi-bizian aritu dira lehen minutuetan. / ALAVES

Partida borobila jokatu du Vallecas futbol zelaian Rayori bat eta bost irabazteko.

Hau da hau! Hau poza Vallecas futbol zelaian Alavesek eman duena!! Ametsetako liga hasiera egiten ari da. Baikorrenak ere ez luke pentsatuko bost jardunaldiak jokatuta Bartzelona eta Real Madrilen pare izango zenik sailkapenean. Bada, hala da, dagoeneko hamar puntu ditu eta hiru partida jarraian irabazi ditu. Lehen mailan inoiz egin duen hasierarik onena, ezbairik gabe.

Gainera, Rayoren aurka lortutako garaipena ez da izan edonolakoa: meritu handikoa eta bost gol eginez. Taldeak orain arte jokatu dituen partida guztietan argi eta garbi erakutsi du oso lehiakorra dela. Hau da, beti seriotasun handiz jokatzen duela eta kontraeraso izugarria duela.

Eguerdi sargoritsua, bero izugarria; halere, bi taldeetako jokalariek erritmo bizi-bizian aritu dira lehen minutuetan. Alavesek zortea alde izan du minutu hauetan, izan ere, Ximo Navarroren bitartez huts eta bateko jarri du markagailuan. Edozeinek amesten duen partidaren hasiera. Halere, Rayok behin eta berriz aritu da berdinketaren bila, baita lortu ere, 29. minutuan, Raul de Tomasen bitartez. Atzelariek ezin urrundu baloia eta aurrelari-ehiztariak ia-ia area txikian sarera bidalia du.

Berdinketa gertatu eta berehala: partidako jokaldia. Alavesek egindako kontraeraso azkar bati Ibai Gomezek, nola ez, bukaera bikaina eman dio bigarren gola eginez. Zer-nolako gola! Behin eta berriz erakutsi beharrekoa. Horretaz gain, jokaldi berean Abdoulaye Bak txartel gorria ikusi du. Epaileak VAR sistema erabili du atzelaria kanporatzeko. Honek Calleri aurrelariari ukabilkada eman dio, biak korrika ari zirela. Ez du zalantzarik izan. Beraz, zigor bikoitza Vallecaseko taldearentzat.

Bigarren zatian Rayok ahalik eta lasterren nahi izan du berdinketa lortzea. Baina, Abelardok zuzentzen duen taldeak ondo baino hobeto daki zer egin behar duen. Atzealdean, sendotasun ikaragarria erakusten du. Gainera, hor egin du aldaketa bakarra hamaikakoan. Ezustekoa eman digu entrenatzaileak, aspaldiko partez, Martinek jokatu ez duelako eta beraren ordez Ximo Navarrok jokatu duelako. Apustua ezin hobeto atera zaio. Honek lehen gola egin duelako eta partida ona jokatu duelako. Zelai erdian, lauko lerroa ari da jokoa behar bezala banatzen, batez ere, kontraerasora. Halere, denen gainetik, inongo dudarik gabe, Ibai Gomez erdilari-aurrelaria goraipatu behar da. Golak ikusgarriak egiten ditu.

Bada, ametsak hurrengo ostegunean Mendizorrotzan arratsaldeko 20:00etan jarrai dezala.

HAMAIKAKOAK:

Rayo: Alberto, Abdoulaye, Luis Advincula, Alex Moreno, Jordi Amat, Gorka Elustondo (72. Velázquez), Gilbert Imbula, Trejo (69. Alex Alegria), Kakuta, Alvaro Garcia (56. Embarba)

Txartel gorria: 35’.: Abdoulaye (Epaileak VAR ikusi ondoren kanporatu du).

Txartel horiak: 93’. Minutuan: Gilbert Imbula

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Maripán, Duarte (81. Martin), Ibai, Brasanac, Wakaso, Jony (78. Burgui), Jonathan Calleri (62. Burgui), Guidetti (73. Sobrino)

Txartel horiak: 22’. Duarte, 82’ Martin

Golak:

0-1: X. Navarrok (7. min.).

1-1: De Tomasek (29. min.).

1-2: Ibai Gomezek (33. min.).

1-3: Callerik (55. min.).

1-4: Ibai Gomezek (77. min.).

1-5: Burguik (92. min.)

Vallecasko harmailak:

Vallecas ireki berrian 11.000 ikusle bildu dira eguerdiz. Eguraldia lagun, Arabatik ia-ia, berriz ere, 300 lagun hurbildu dira futbol zelaira taldeari animoak emateko. Taldeak, zer esanik ez, erantzun ezin hobea eman du eta bost gol oparitu dizkie zaleei. Giro ezin hobea izan da bi taldeetako zaleen artean.

Lehen eta bigarren zatian, 30. minutuan, jokalariek ura edateko tartetxoa izan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide