Baskoniak ezin izan du urteko lehen titulua Gasteizera ekarri

Erredakzioa 2018ko ira. 22a, 20:53

Argazkia: ACB Photo

Azken minutuetan eskuratu du Real Madrilek garaipena Superkopan (80-73).

Superkopa denboraldiko partiden antzekoa izan ohi dela uste dute zaletu askok. Taldeak guztiz landu gabe egoten dira denboraldi hasiera hauetan eta iritsi berriak diren jokalariek gainera asteak behar izaten dituzte taldearen erritmora egokitzeko. Gaurkoan ordea, bestelako partida ikusteko aukera izan da Santiago de Conpostelan jokatutako finalean.

Baskonia zein Real Madrilek iazko jokalari multzoetan aldaketa gutxi izan dute, eta beraien buruan iazko denboraldiari amaiera eman zion ligako finala bizi-bizi zegoela ikus zitekeen. Hortaz, ez da partida soil bat gehiago izan, eta bi taldeen artean aspaldatik bizi den lehia kantxan ikusi ahal izan da gaurkoan ere.

Partidaren lehen zatian parekotasuna izan da nagusi eta markagailuan aldea zabaldu ezinik ibili dira bi taldeak. Zenbait jokalarik nagusitasuna erakutsi ahal izan dute partidaren tarte ezberdinetan: Tavares erraldoia hasierako minutuetan, gasteiztarren aldetik Poirier frantsesa ondoren, Llul joko-antolatzailea bigarren laurdenaren hasieran eta Diop gaztea bere kemena erakutsiz. Bide horretatik, 42-44 joan dira aurretik gasteiztarrak atsedenaldira.

Iritsi berrien unea

Aldageletatik itzuleran, sasoi garai honetan ohikoa den neke fisikoa igartzen hasi da bi taldeetan eta iritsi berriak diren jokalariek hartu dute jokoan garrantzia. Prepelic joko antolatzaileak jaurtitzaile aparta dela erakutsi du eta Real Madrilen alde 13 puntu saskiratu ditu partidaren azken txanpan. Baskoniaren aldetik berriz, Shavon Shields hegalekoak fitxaketa ona dela erakutsi ahal izan du eta bere barneraketak izan dira gasteiztarren erasoko jokoan armarik nagusiena. Berarekin batera, Darrun Hilliardek ere, bere kalitatea erakusteko aukera izan du eta talde jokoari ekarpen handia egin diezaiokeela erakutsi du.

Partida osoan zehar berdintasuna nagusi izan arren, azken laurdenean partida puskatzea lortu du Real Madrilek. Jokaldi erabakigarrietan Pablo Lasoren mutilek tituluak irabazteko ohitura gehiago dutela erakutsi dute eta lasaitasun gehiagorekin jokatu dituzte azken minutuak. Baskoniak aldiz, lehortea bizi behar izan du azken minutuetan eta ezin izan du saskiratzerik eskuratu.

Gaur gaurkoz, Real Madrilek Baskoniaren aurretik egoten jarraitzen duela erakutsi du. Halere, urteko lehen bi partida ofizialetan gasteiztarrek eman duten maila benetan ona izan da eta aurretik duten denboraldirako sentsazio onak eskaini dituzte Superkopan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago