"Adostasuna eta errespetua giltza dira subrogazio prozesuan"

Anakoz Amenabar 2018ko ira. 21a, 10:39
Ainara Hernandez. / A. Martinez de Luna

Espainiako debekuaren aurrean, Ukrainara jotzea erabaki zuen Ainara Hernandezek, eta han osatu du familia. Mantso bada ere, urtetik urtera subrogazio prozesua legeztatzeko bidean pauso txikiak ematen ari direla dio, "kaleko errealitatearekin batera".

Subrogazio bidez jaiotako haurren eta euren familien egoera "legez onartzea" beste aukerarik ez dagoela uste du Ainara Hernandezek (Gasteiz, 1978), kalean ageri den errealitateari "erantzuteko". "Oraindik lan handia dago, noski, batez ere aurreiritziez betetako kontzeptuak azaldu eta argitzeko, baina errealitatea egoskorra da; legea da prozedurari bermeak jartzeko modu bakarra". Familia bat osatzeko asmoarekin Ukrainara jo zuen Ainarak, senarrarekin batera, eta han jaio dira euren seme-alabak.       

Haurdunaldi subrogatuaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzue Gasteizen. Informazioa falta dela sumatzen duzu? 

Zalantzarik gabe. Askotan aurreiritziekin mugitzen gara, eta uste dut hainbat kontzeptu azaldu behar direla. Igor Lansorenak berak bizitako subrogazio prozesuaren inguruko dokumental bat grabatu zuen, eta hori ikusi eta berari entzuteko aukera izango dugu irailaren 27an, 19:00etan, Aldabe gizarte etxean. Urriaren 11n ni izango naiz hizlari gaiaren inguruan; hori ere 19:00etan, Aldaben. Ernalketa subrogatuaren aldeko elkartearen eskutik izango da (AGSE).  

Espainiako Osasun ministro berriak, Maria Luisa Carcedok, jarri du gaia mahai gainean azken egunetan. Organo trafikoarekin parekatu du subrogazioa, eta debekatzea eskatu. 

Uste dut konparazio errazegia egiten duela. Organo trafikoa eta organo donazioa daude, eta betetzen dituzten baldintzen arabera izango dira bata edo bestea. Haurdunaldien kasuan ere izan daiteke, noski, eta gertatu da haurdun dagoen emakume bati umearen truke dirua eman diotela: hori adingabeen trafikoa da. Baina guk egiten duguna zeharo desberdina da. Lehenik eta behin, emakume batekin kontaktuan jartzen gara, agentzia baten bitartez, froga medikuak egiten ditugu denok irizpideak betetzen direla jakiteko, eta hori argi dagoenean abokatuengana jotzen dugu kontratu bat adosteko. Gai askoren inguruan hitz egin behar da haurdunaren eta intentzio gurasoen artean, euren bizitzetan izango duten ondorioez... Adostasuna da azken helburua. Prozesu hori beteta, klinika batera jo, enbrioi transferentzia egiten da eta zortea badago...

Noiz erabaki zenuten zuek subrogazio bidez egitea? 

2014an esan zidaten haurrak izateko arazoak izango nituela. Sortzetiko kardiopatia bat daukat, eta bizitza arriskuan jartzeko aukera haurdun geratuz gero. Azken muturreko aukera izan da subrogazioarena, medikuntza barruan azkeneko aukera. Hortara heltzeko demostratu behar duzu beste bide batzuetatik saiatu zarela eta horiek agortu direla. 

Adopzioa aukera bat izan zen?

Bai, adopzioari buruz hitz egin genuen, baina uste dut gure abiapuntua desberdina zela. Gure asmoa familia bat sortzea zen, ez haur bati familia bat ematea. Adopzioaren aukera hor dago guztientzat, ez bakarrik modu naturalean haurra izan ezin duenarentzat.

 

"Emakume guztiak ez gara berdinak,

eta aniztasun horretan daude haurdunak ere"

 

Prozesua abian jartzeko nora jo zenuten?

Ez genuen halakorik ezagutzen, eta informazio bila hasi ginen. Son Nuestros Hijos elkartera heldu ginen, eta mundu bat ezagutu genuen; posible zela ikusi genuen, jendeak bide hori egin zuela. Bost bikoterekin izan genuen lehen kontaktua, eta gogoan dut denak aldi berean hizketan ari ginela, emozionatuta, hau zer zen eta zer ez zen asmatzen saiatzen.   

Haurdunaldiak nola gogoratzen dituzue?

Gerra pasata igaro ginen, 2015an, Maidan plazan oraindik kanpamenduak zeuden, militarrak... Otsailean Irina ezagutu genuen, alaba nagusiaren haurduna, eta konfiantza osoz bueltatu ginen; gustora hitz egin genuen harekin kezka genuen gaien inguruan, arriskuez, bere aurreko haurdunaldiez... Apirilean bueltatu ginen puntzioa egin eta gametoak uztera, eta sentsazio polita izan nuen. "Eskerrak hemen legala den! Eskerrak ondo araututa dagoen!" pentsatu nuen. Irinarekin izandako harremana, gauzak arazorik gabe egin ahal izatea, legez... zoriontsu eta eskertuta. Hori guztia etxean egin ahal izan bagenu! Bigarren umea beste emakume batekin izan zen, Olgarekin, eta harekin oso erraza izan zen; eskarmentua genuen, eta oso argi genuen zein zen gure tokia. Fisikoki errazagoa izan zen, eta beste lasaitasun batekin egin genuen, prozesua bera emozionalki oso gogorra delako.

Prozesuarekin kezka etikorik sortu zitzaizuen?

Bai, sortzen dira. Zer egitera noa? Eta, batez ere, hau ona da alde guztietarako? Irina eta Olga ondo sentituko dira haurdunaldia amaitutakoan? Horrek guztiak prestaketa bat eskatzen du, eta horretarako asko irakurri dugu. Cambridge unibertsitateko Susan Golombok doktorearen azterketak irakurri genituen, besteak beste; azterketa mardul baten arabera, haurdunek sentimendu nahasiak dituzte, tristura eta poza, baina bi eta harmar urte igarotzen direnean pozik eta harro sentitzen dira hartutako erabakiarekin. Nik, egia esan, oso pozik hartzen ditut Irina eta Olgaren mezuak, gure berri izan nahi dutelako, umeez jakin. Prozesu osoan errespetua eta adostasuna giltza direla uste dut; maila berean daude intentziozko gurasoak eta haurduna, eta erabakiak adostu egiten dira. Elkar zaindu behar dugu eta hiruron erabakiak kontuan hartu. Irinak berak esan zidan: "Zerbait ona egin dudan sentsazioa daukat". 

Ordainketa da prozesu honi egiten zaion kritika nagusienetakoa.

Hemen onartuta dugu konpentsazio ekonomiko bat ematea gameto donazioetan edota esperimentu klinikoak egiten dituztenekin. Eta kasu honetan ere konpentsazio bat dago: haurdunaren bizitza aldatzen da, bere lana, bere bikote harremana, haurdunaldian beti dago arrisku bat... eta hori uste dut konpentsatu behar dela. Betiere, horretaz bizitzeko bezain beste ez izatea; baina hori gaur egun agentziek jartzen dute. Gure nahia da estatuak berak martxan jartzea, eta berak erabakitzea zein den konpentsazioa, haurdunaldiaren arabera.   

Zein estatu da eredugarri, zure ustez, subrogazio prozesuan? 

Guk Kalifornia (AEB) aipatzen dugu hiru arrazoirengatik. Batetik, prozesu osoan epaiketa bat dago, benetan bermatzen duena araututa egingo dela, bakoitzaren egoerak eta eskubideak bermatuko dituena. Bestetik, familia mota orori zabaltzen die aukera: ama bakarra, bi aita, bikote heterosexuala... Eta hirugarrenik jarraipen psikologikoa egiten dute; haurdunak eta intentziozko gurasoek test psikologikoak egiten dituzte, eta ziurtatzen dute heldu guztiek ulertzen dutela prozesuaren konplexutasuna eta haien artean sortuko den lotura.

Zer da hitzaldian nabarmendu nahi duzuna? 

Kontzeptu batzuk argitzea da asmoa. Niretzat garrantzitsua da ulertzea emakume guztiak ez garela berdinak, eta haurdunaldiak ere ez direla berdinak; gauza desberdinek mugitzen gaituzte. Amatasun sakrosantu horren aurrean, badaude haurdun egoteaz disfrutatzen dutenak, gaizki pasa dutenak, ama izateaz damutu direnak... eta aniztasun horretan daude haurdunak ere; Irinak oso garbi zuen bere amatasuna bukatu dela, baina gestantea izan nahi duela. Gustatuko zaigu ala ez, baina hori da aukeratu duena, eta errespetatzea tokatzen zaigu. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide