Jarraipenaren aldeko apustua egingo du Baskoniak

Aritz Martinez de Luna 2018ko ira. 20a, 16:00

Ostiral arratsaldean ekingo dio ofizialki ikasturte berriari Baskoniak. Bartzelonaren aurka izango dute urteko lehen partida, Superkopako kanporaketan.

Denboraldi-aurreko lanak alde batera utzita, Santiago de Conpostelan jokatuko den Superkopa txapelketan, azken asteetan egindako lana neurtu eta aurtengo denboraldian Baskoniak eman dezakeen joko mailaren lehen zantzuak ikusteko aukera izango dute zaletuek. Final-aurrekoan Bartzelona izango dute aurrez aurre gasteiztarrek. Beste kanporaketan aldiz, Obradoiro eta Real Madrid izango dira lehian. Bi kanporaketetako garaileek larunbatean (19:15) jokatuko dute finala. Finalaren aurretik, gainera, hiruko jaurtiketa lehiaketaz gozatu ahalko dute ikusleek. Parte-hartzaileen artean izango da Baskoniako Matt Janning hegalekoa ere.

Itxuraz, taldeak sasoi onean ekingo dio lehiari, eta denboraldi-aurrean jokalari guztiekin lan egiteko aukera nabarmendu nahi izan dute azken egunotan taldeko arduradunek. Halere, ezin ahaztu pasa den astean egiten ari ziren lana erabat eten behar izan zutela Baskoniako mutilek. Izan ere, nazioarteko txapelketen eraginez, lehen taldeko zortzi jokalarik beraien selekzioekin jokatzera joateko bidaia egin behar izan zuten, eta egoera horrek erritmoa etetea eragin zuen, Pedro Martinez entrenatzailearen haserrerako.

Oztopo hori gaindituta, ezohiko prestaketa lana egin ahal izan dute aurtengoan Baskoniako jokalariek. Jakina da Baskoniak beti izan duela jokalari gazte eta dohaitsuak bilatzerako orduan arrakasta, eta lan bikain horren eraginez denboraldi bukaeran jokalari onenak talde boteretsuei saldu eta berriak bilatzen hasteko lana egin behar izan duela Alfredo Salazar idazkari teknikoak.

Aurtengoan, ordea, ez du beste uda batzuetan bezain besteko lanik izan, eta iazko jokalari multzoak orokorrean berdina izaten jarraitzen du. Gogoratu behar da hasiera batean pentsa zitekeena baino emaitza hobea izan zuela taldeak, eta titulurik bereganatzeko aukerarik izan ez bazuen ere, baskoniazale guztiak pozik geratu zirela Euroligako playoffak jokatu eta ligako txapeldunorde izatearekin.  Horrenbestez, taldeko arduradunek jarraipenaren aldeko apustua egin dute aurtengoan.

Aurpegi berriak

Jokalariei dagokionez, aurtengo nobedadeen artean hiru aurpegi berri ikusi ahalko dituzte zaletuek kantxan: Darrun Hilliard eta Shavon Shields hegalekoak, eta Adjin Penava hegal-pibota. Lehen biak apustu handia izan dira eta emaitza oparoa izan dezatela espero da. Lagunarteko lehen partidetan erakutsi dutenaren arabera, kalitate aldetik maila bikaina dutela ezingo du inork zalantzan jarri, eta taldekideek adierazi dutenez, biek erakutsi dute lehen egunetik taldeko dinamikan integratu eta apaltasunetik taldearen mesederako lanean aritzeko prest daudela. Penavak bosniarraren kasua bestelakoa da, 20 urte besterik ez ditu jokalari gazteak eta etorkizuneko apustutzat jotzen dute taldean.

Fitxaketei dagokionez, Pedro Martinezek izarrik nahi ez duela argi utzi zuen, eta taldearen estiloa sendotu eta hobetzen jarraitzeko jokalariak nahi dituela jakinarazi zuen. Horren erakusle, iaz zalantzan jarri ziren zenbait izen ere aurtengo jokalari multzoan mantentzea.

Joko antolatzaileek piztu zuten zalantza gehien iaz, eta, halere, aurten hiru antolatzaileak berdinak izaten jarraituko dute: Huertas, Granger eta Vildoza gaztea. Lehenak eskarmentua eskaini dezake, bigarrenak arazo fisikoak gainditzen baditu saskiratzeko duen gaitasunari etekin ederra atera diezaioke, eta Vildoza argentinarraren kasuan, aditu askok urte gutxiren buruan Europako antolatzaile onenen artean egongo dela aurreikusten dute.

Barne jokoari dagokionez, aldiz, iazkoan maila ederra eman zuten Shengelia kapitainak, pixkanaka konfidantza hartzen ari den Voigtmann alemaniarrak eta sorpresa pozgarria izan zen Poirier erraldoi frantsesak. Horiekin batera, aurrerapausu bat emateko eskatuko zaie Janning jaurtitzaile apartari, orain arte defentsan espezialistatzat jo den Garino hegalekoari, edo barne jokoan bere fisikoari etekin gehiago asmatzen ikasi beharko duen Diop gazteari.

Apustu garaia

Erronka polita dute gasteiztarrek esku artean, ezin baita ahaztu Europa mailako txapelketarik garrantzitsuena, Final Fourra, Gasteizen jokatuko dela. Buesa Arenan elkartuko diren lau talde onenen artean egoteko txartela eskuratzea da, ezbairik gabe, aurtengo jomuga eta helburu horrekin lanean dihardute jokalariek.

Zaletuen aldetik ere ilusioa nabaria da aurtengoan, eta inoiz gainditu gabeko marka hautsi dute oraingoz: 10.000 lagunek bazkide txartela eskuratu dute dagoeneko, eta, hortaz, etxean jokatuko diren dozenaka partidetan taldeak babesa jasoko duela bermatuta dago. Estatuan beste inork lortu ez duen marka izanik, denboraldia hasi orduko lehen garaipena poltsikoan du Baskoniak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago