Duela urtebete lurrikara batek Pueblako Estatua (Mexiko) astindu zuen, eta gertakariak bertan harrapatu zuen Uraitz Soubies argazkilari gasteiztarra. Kamera hartu eta inguruan jazotakoa islatu nahi izan zuen Soubiesek, argazkien bitartez. Benetako hondamendia izan zen ordukoa: 362 hildako eta 3.000 hildakotik gora eragin zituen lurraren haserrealdiak.
Ezbeharraren urteurrenaren harira, kameraren bitartez egindako lanaren emaitza aurkeztu dute orain. Irudiak 10 urte eta lurrikara bat izeneko erakusketan izango dira ikusgai, hilaren 29ra arte, Gasteizko ARTgia aretoan.
Irudiak, ordea, lurrikara baino askoz harago doaz. Bere hiriari eta eta argazki-erakusketara doan "edonori" herrialde horretan berak eman dituen hamar urteen berri eman nahi diela azaldu du artista gasteiztarrak. Hamarkada bat darama Soubiesek Mexikon, eta argazkilaritzan eta arte zuzendaritzan aritzeko asmoz joan zen bertara.
Zortea izan zuen: hara iritsi eta gutxira aukera izan zuen zinemaren munduan aritzeko. Horri esker, "gauza pila bat ikasteko aukera" izan duela dio, "era praktiko eta autodidaktiko batean".
Argazkilaritzarekiko zaletasuna piztu zitzaion garaian, arte hori formatu analogikoetatik digitaletara igarotzen ari zen, eta bi mundu horietatik hoberena eskuratzen saiatu da argazkilaria.
Aukeraketa zaila
Erakusketan "lurra, ura, iragana eta etorkizuna" ditu hizpide. Aitortu du ez zaiola erraz suertatu hamarkada batean ateratako irudi gutxi batzuk aukeratzea, baina, hala egin behar izan du. Urte hauetan guztietan Mexikon sumatu dituen "sentsazio ugari" islatu nahi izan ditu aukeraketa horretan, "hondartzaren eta uraren lasaitasunetik munduko hiri populatuenetako baten kaos eta bakardadera”, hain zuzen.
ARTgia aretoko zuzendari Irantzu Lekueren arabera, bilduma "orekatua" da, "lurrikaratik harago herri eta hirietako bizitzan erreparatzen duena, eta erabateko suntsipenaren gainetik, bizitza eta aurrera jarraitzeko izpiritua islatzen duena".