Ia-ia 19.000 ikusle bildu dira partida ikusteko. Gasteiztik 300 zale izan dira, hasi eta bukatu arte kantuan aritu dira. Bukaeran gozatu ederra hartu dute Ibaik egindako golari esker. Partidan minutu bateko isilunea gorde da, hildako Jose Maria Mellado Valladolideko jokalari ohiari omenaldia egiteko.
Ikusmina izan da partidaren hastapenetan Ronaldo, Brasilgo jokalari bikaina, ikustea harmailetan. Izan ere, Pucelako taldearen presidentea izango da. Lehen eta bigarren zatian 30. minutuan jokalariek ura edateko tartetxoa izan dute.
Gozatu ederra azkenengo minutuan
Futbolak, bizitzako zenbait arlotan bezalaxe, lelo asko ditu. Horietako bat da: "Epaileak azken txistua jo arte gola egin daiteke", eta hori gertatu da Zorrilla futbol zelaian. A zer nolako gola! Benetan goraipatu egin behar da Jonyk egindako korrikaldia, izan ere, bere zelaian ezker hegaletik baloia hartu eta ia-ia hondoko marraraino, atzelariak atzean utzirik, ailegatu eta atzera egindako pasea Ibai Gomezek ezin hobeto bidali du sarera.
Egia esanda, gol horrek balio handiko hiru puntu eman dizkio Arabako taldeari. Gainera kontuan hartu behar da hurrengo neurketak aurkari zuzenen kontra izan direla. Hau da, Getafe, Rayo Vallecano eta Levante.
Abelardok aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan; deigarriena Manu Garcia kapitaina ordezkoen aulkian uztearena izan da. Lerro guztiak aldatu ditu, atzealdean Ximo Navarro sartu da Maripanen ordez, zelai erdia ia-ia goitik behera aldatu du. Hor lauko lerroa osatu dute Ibai, Brasanac, Wakaso eta Jony jokalariek, eta aurrealdean, lesioek eraginda, Guidetti eta Jonatan Calleri izan dira.
Halere, jokalariak aldatu ditu, baina ohiko sistemarekin jokatu dute. Atzealdean sendotasun ikaragarria erakutsi dute. Valladolidek partida osoan zehar ez du ia-ia aukerarik izan, bakarretarikoa bat 79. minutuan izan da. Keko arean sartu da eta bere jaurtiketa Pachecok desbideratu du. Aldaratutako baloia Laguardiak kornerrera bidali du. Horixe izan da arrisku bakarra.Lehen zatian bi taldeek antzeko samar jokatu dute. Atzealdean alderik alde baloia mugituz, inongo sakontasunik gabe. Oso gutxi hurbildu dira area ingurura. Horren ondorioz, atsedenaldira husnako berdinketarekin joan dira.
Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Etxeko taldeak lerroak aurreratu ditu, baina pitin bat bakarrik. Galtzearen beldurra sumatzen zen bi taldeetan, gutxienez biek nahi zuten puntu bat.
Halere, futbolean ez da sekulan etsi behar, azkenengo hasperena eman arte. Alavesek hori ondo baino hobeto egiten du, jakin badaki sufritzen. Saria izugarria izan da. Hiru puntuak etxetik kanpo eta gainera aurkari zuzen baten kontra. Orain sailkapenean goi postuetan. Zorteak jarrai dezala!!!
Hamaikakoak
Valladolid: Masip, Nacho, Calero, Javi Moyano, Kiko, Toni, Villa, Keko (80.Ivi), Anuar (66. Michel), Oscar Plano, Borja Fernandez, Enes Unal (62. Cop)
Txartel horiak: Anuar, Nacho eta Oscar Plano
Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Ibai, Brasanac (79. Manu Garcia), Wakaso, Jony, Jonathan Calleri (62. Burgui), Guidetti (73. Twumasi)
Txartel horiak: Brasanac eta Martin
Gola: 93. minutuan: 0-1: Kontraeraso bikaina, Jonyk ezker hegaletik egindakoa atzera pasea eman eta Ibai Gomezek sarera.