Herri epaimahaiak erruduntzat jo du, aho batez, Alicia txikia hiltzeagatik akusatuta zegoen gizona. Halaber, bere ama hiltzen saiatzea ere leporatu diote. 2016. urtean izan zen hilketa; gizonak leihotik behera bota zuen 17 hilabeteko haurra Gasteizen.
Akusatuak aitortu du berak bota zuela haurra leihotik, baina "eroaldi" bati egotzi dio defentsak. Herri epaimahaiak ez du argudio hori onartu, eta "momentu oro" egiten zebilena kontzienteki egiten zuela erabaki du. Hala umea "nahita" hil eta haren ama "hiltzen saiatu" dela ondorioztatu du.
Erabakiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du defentsak. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek, beren aldetik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko dutela berretsi dute; 25-35 urte bitartean egin ditzake kartzelan zigorra berrikusi aurretik. Datozen egunetan emango du epaileak ebazpena eta bete beharreko zigorra.