Azaroaren 24an izango da Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) 2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdiko lehenengo proba. Oposizio horretan, Aldundiko Gizarte Zerbitzu Sailaren menpeko foru erakundeak 187 funtzionario lanpostu aterako ditu lehiaketara; horietako 159 erizain laguntzaile lanpostuak izango dira eta gainerako 28ak erizain lanpostuak. Guztira 3.362 pertsona daude enplegu publikorako eskaintzan onartutakoen behin-behineko zerrendan.
Erizain laguntzaile kategorian pertsona kopuru handia onartu denez gero, guztira 2.571, azterketak aldi berean egingo dira Europa jauregian eta Baskonia Kirol Hirian (BAKH). Bestalde, erizain lanpostura, guztira, 791 pertsona aurkeztu dira, eta Europa jauregian egingo dute proba.
Azaroaren 24an egingo diren azterketetan batera egingo dira bi kategorietan oposizio faseko lehen probako lehenengo eta bigarren ariketa, eta test erako galdetegiak izango dira. Lehenengo ariketa lanpostuen titulazio taldearen eduki komunen azterketa izango da eta, bigarrena, aldiz, kategoria bakoitzeko berariazko edukiei buruzkoa. Datozen egunetan, onartuen behin betiko zerrendak eta azterketa epaimahaien osaera jasotzen duen foru agindua argitaratuko da. Foru arau horretan azterketen ordua eta leku zehatza ere argitaratuko dira.