ELA, CCOO, eta UGT sindikatuek 2019 eta 2020 urteetarako Arabako Etxez Etxeko Laguntzako Enpresen Hitzarmena berritzeko aurre-akordioa sinatu dute. ELA sindikatuak gogoratu duenez, zazpi urtetan ez da aukerarik egon hitzarmena berritzeko, "sektoreko enpresen ezezkoagatik eta Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala akordioari eusteko finantzazio nahikorik ez baitzuten bermatzen".
Orain, "nahiz eta akordioa emakumeen bidezko helburuetatik urruti geratu", hainbat hobekuntza lortu dituzte: "Soldata-igoerak, 2019an %4,1, eta 2020an % 3koak; soldata-bermea 130 ordu hilean iritsi arte hazi da; joan-etorrien denbora bi minutu orduko luzatu da (zortzi minututik hamar minutura); atseden-aldia hiru ordura luzatu da eguerdian, lanaldi etenetan; eta aurrera-eragina mugagabea izango da".
Espediente berria
Aurre-akordioa Arabako Diputazioak etxez etxeko zerbitzua emateko kontratazio espedientea berritu ondoren etorri da. Gizarte ongizaterako foru erakundeak iragarri zuen kontratuaren gehieneko aurrekontua 26,8 milioi eurokoa izango dela, eta 21 hilabeteko iraupena izango duela, 2019ko apiriletik 2020ko abendura arte. Espediente horretan 600.000 ordu inguru kontratatuko dira etxez etxeko laguntzarako, 2016an baino 45.000 ordu gehiago.