Irantzu Lekue artista gasteiztarrak gidaturik, Ubideko (Bizkaia) sarreran dagoen putzuaren etxolan horma-irudia egin dute herritarrek auzolanean. Herriak duen ikazkin tradizioa, estraperloa–Bizkaia eta Araba arteko mugan egoteagatik–, Ubideko pagadi zabalak edo ura eta mendiarekin duten harreman estua irudikatu dituzte margolanean.
Ubideko Udalak bultzatutako ekimen honek herritarren parte-hartzea eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatz, eta artea, euskara, generoa eta tradizioak hizpide. Irantzu Lekueren muralismoak mundua edertzea du helburu, azaldu duenez, baina baita herritartasuna sortzea eta sendotzea ere. Komunitatea sendotzean arteak izan dezakeen garrantzia nabarmendu du: "Horixe bera da Ubiden egin duguna eraldaketa gauza txikietatik hasten delako". Artistak horretarako propio sortutako dinamika eta saioen bidez, Ubideko herritarrekin garatu du horma irudia, udalerriko hainbat ikur, iraganaldiko eta orainaldikoak, iruditzeko.