27 urteko gazte bat atxilotua izan zen astelehenean Gasteizen bere bikotekidea erasotzea leporatuta. Gertakariak Judimendi auzoan eman ziren eta 092ra egindako dei bat izan zen erasoaren berri eman zuena.
Gertakari hauen aurrean, EGK-k lehenik eta behin bere elkartasuna adierazi nahi dio erasoa jasan duen emakumeari. Indarkeria matxista gizarte arazo bat dela esaterakoan guztiok zereginen bat badugula adierazi nahi dugu eta soilik laguntzarako prestutasuna duten jarreren bitartez lor dezakegu gizarte bezala ere arazo honen aurka ekitea egunerokotasunean.
Gogorarazi nahi dugu 1/2004 Legeak Genero Indarkeria moduan ulertzen ez dituen kasuak daudela. Hau dela eta, aldarrikatzen dugu Emakume izanagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak izan beharko liratekeela Genero Indarkeria bezala ulertuak. Emakume erasotu baten eta beste baten arteko desberdintasunik egin gabe.
Oraindik ere gazterian hain larria eta latza den Indarkeria Matxista ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta honen aurka egitea guztion erantzukizuna dela gogorarazi nahi du.
Indarkeria matxista berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko zailtasunetako bat da. Gainera, indarkeria hau edozein adin edota motatako pertsonek bizi dezakete. Tamalez, baita gazteok ere.
Beti ez dira gazteak erasotzaile eta biktimak, baina bai egia dela egun oraindik ere badaudela indarkeria egoerei aurre egin behar dieten emakume gazteak. Baita gizon gazteak erasotzaileen artean ere. Hau dela eta, berebiziko garrantzia du Euskadin oraindik ere ematen den egoera ezagutzera ematea.
2016ko datuen argitan:
● Emakume gazteen aurkako indarkeria tasa globala 7,5ra iritsi zen gazterian (gainerako emakumeena bikoiztuz).
● 1000 emakume gaztek baino gehiagok egin dituzte salaketak indarkeria jasateagatik, kontuan izanda familia barruko indarkeria, askatasun sexualaren aurkako delituak eta bikote eta bikote ohiengandik datorren indarkeria. Azpimarratzekoa da azken indarkeria mota hau gailentzen dela salatzaileen artean.
Indarkeria honek ez ditu biktimak bakarrik mintzen, emakume gazte guztiongan eragina du, gure bizitzaren askatasunaren eta ongizatearen aurkako erasoak ere baitira. Honen froga da emakume gazteen %34,2ak (2016an) adierazten duela beldurra ematen diola kaletik gauez bakarrik ibiltzeak, gizonezkoen ehunekoaren laukoitza lortuz. Gainera, zifra honek gora egin du neurtzen hasi zenetik 2000. urtean.