Duela gutxira arte Islandian legezkoa zen euskaldunak hiltzea. Benetan. Teorian, bederen, hori ahalbidetzen duen lege bat indarrean zegoelako Ipar Atlantikoko uharte urrunean. Duela lau mende abiatu zen kontua, herrialdean inoiz izan den krimenik handiena jazo baitzen. 1615ean, balea ehizan hara joandako 32 euskaldunek bizia galdu zuten, islandiarrek akabatuta. Izan ere, urte horretan, hiru baleontzitan iritsi ziren euskal baleazaleak uharte urrun horretara. Bertan zeudela, enbata batek ipar-mendebaldean kokatuta dagoen Reykjafjordur izeneko fiordoan harrapatu zituen arrantzaleak, eta bertan bilatu zuten aterpe. Baina gauzak okertu egin ziren.
Gertakari horien atzean ibili da udan honetan Arturo Martinez bidaiari gasteiztarra. Betidanik bizikletari lotua ibili da Martinez, eta istorio hori ezagutu zuenean, argi izan zuen gaiari buruz gehiago jakin nahi zuela. Islandia bisitatu nahi zuela dio, bereziki ipar-mendebaldeko fiordoak. Ez da ohiko helmuga. “Hara joaten diren gehienek urrezko ibilbidea egiten dute; hau da, uharteari bira ematen dion errepidea jarraitzen dute.”
Pirateriarekin eta Ameriketatik zetorren zilarrarekin batera, baleen arrantza XVI. mendeko industriarik garrantzitsuenetariko bat delakoan dago Martinez. "Benetako epopeia bat izan zen ordukoa. Euskal Herrian industria hori nahiko ezaguna bada ere, Estatuan asko ezagutzen ez den gaia da". Ez da erraza irudikatzea industria horretan aritzeak zer suposatzen zuen. “Den-dena atzean utzi behar zuten, eta gainean zeukatenarekin ateratzen ziren, ogibide bila". Merkataritza azpiegitura handia eratuta zegoen balearen gantzaren inguruan. "Besteak beste, katedralak eta elizak argiztatzeko erabiltzen zen". Euskal kostaldean hasieran, denborarekin ehiza eremua handitu zuten euskaldunek, eta Terranovara, Groenlandiara eta Islandiara ere joan ziren.
Behin gantza lortuta, XVII. mendeko "petrolio" hori banatu egiten zuten, eta, Gaztelarako bidean, Gasteiztik ere igarotzen zen. Baina ez da erraza ibilbide zehatzaren berri izatea. Batez ere, arazoak izaten zireneko arrastoa geratu da dokumentazio historikoan, besteak beste, epaitegietan eta aseguru-etxeen inguruan sortutako dokumentazioan. Xabier Alberdi historialariak bildu ditu horrelako batzuk. Adibidez, 1598an Juan Ortiz de Zarate merkatari gasteiztarrak Terranovara bidean itsasoratu behar ziren bi itsasontzietarako bizkotxoa egiteko 150 gari anega saldu zituenekoa, edota zazpi urte geroago Martin Martinez de Cortazarrek Mutrikuko kapitain bati 100 dukateko mailegua eman zionekoa.
Bizikleta oinarri
Subealabici proiektuaren bitartez, Martinezek bi txango antolatu ditu: bata euskal kostaldean zehar eta bestea Islandian bertan. Bizikleta horrelako bidaiak egiteko tresna aproposa dela dio Martinezek. "Oinez joaten bazara, jendeak mesfidati hartu ohi zaitu, agian eskale baten antza ematen duzulako. Autoaz joanda, berriz, zailagoa da jendearekiko kontaktua. Hortaz, bizikleta modurik hoberena da jendeari hurbiltzeko".
Bestalde, Martinezek oso argi izan zuen hasieratik helmugaz gain abiapuntua ere kontuan izan behar zuela. Horregatik prestatu zituen bi ibilbide horiek. Euskal kostaldean egindakoa izan zen aurrena. Ekainaren 31tik uztailaren 3ra bitartean 40 lagun inguruko tropela osatu zuten. Irunen hasi eta balea ehizarekin lotutako tokiak bisitatu zituzten. Pasai San Pedron (Gipuzkoa) kokatutako Albaola faktoria izan zen lehen helmuga, bertan XVI. mendeko nao bat modu tradizionalean eraikitzen ari direlako. Baina hainbat sagardotegi ere bisitatu zituzten. Ez zen izan aisialdi hutsa. Euskal baleazaleek sagardoa eramaten zuten, eta eskorbutoari aurre egiteko modu bikaina zen hori. "Bidaia horietan, sagardoz betetako kupelak eramaten zituzten, eta gero kupela horiek balea gantzez beteta ekartzen zituzten bueltan". Ibilbide hori bukatu eta gero, Islandiarako hegazkina hartu zuen Martinezek, eta bertan hamar bat lagunez osatutako tropel txikia osatu zuten. Bertako hiriburuaren inguruan lehen ibilbide bat egin zuten, eta uhartean bizi diren hainbat euskaldun ezagutu zituzten. Horietako batzuek oso ondo ezagutzen dute gaia, bereziki Euskal Islandiar Adiskidetza elkarteko kideek. "Elkarteko arduradun Sigrun Antonsdottir Anton Galan biologoaren alaba da. Duela gutxi zendu den Galan, eta bere burua azken euskal balea ehiztaritzat zuen. Bereziki Islandiako gobernuarentzat lan egiten zuen".
Besteak beste, Magnus Rafnsson historialariarekin hitz egin zuten, "seguruenera Islandian gaiari buruz gehien dakien laguna", eta baita balea ehizan aritutako islandiar batekin ere. Islandiar asko gaur egun balea ehizatzearen aldekoak direla argitu du bidaiariak. "Gutxi gorabehera, gure artean zezenketekin dagoen polemikaren parekoa" dago Islandian, Martinezen esanetan. Triskantza gertatu zen eremura gerturatu ziren, eta bertan egin zuen gainerako ibilbidea. Besteak beste, Sudavic herrian egon ziren, euskaldunak hiltzea ahalbidetu zuen epaiketa bertan egin zen eta. Ibilbidean zehar gaiari eskainitako bi memoriagune daude, eta islandiarren oroimenean oso errotuta dagoen gaia dela azpimarratu du Martinezek. "Barkamena eskatzen ziguten, gertatutakoagatik errua sentitzen dutelako. Oso arraroa egin zitzaigun guri hori. Imajinatzerik al dago gu Ameriketara joaten garenean barkamena eskatu behar izana konkistaren garaian gertatu zenagatik?".
Dena dela, uhartean biztanle gutxi direla kontuan izan behar da, eta islandiarrek haien historia oso ondo gordetzen dutela. "Neska batekin kontaktuan jarri gintuzten, eta hark esan zigun bera zela hilketa abiatu zuen Ari Magnusson gobernadorearen 16. edo 17. belaunaldikoa. Sakelako telefonoarekin erakutsi zigun hori, islandiarrek oso ondo ezagutzen dutelako haien zuhaitz genealogikoa".
Gertatutakoaren testigu
Triskantzaren arrazoiei buruz, berriz, gauzak ez daude batere argi. Magnusson gobernadoreak Danimarkako erregearen aurrean bere burua zuritzeko egindako maniobra bat, eremu latz batean baliabide urriak eskuratzeko lehia edota islandiar emakume bati euskaldun batek egindako erasoren bat aipatu ditu bidaiariak. Argi dagoen bakarra da egoerak okerrera jo zuela, eta islandiarrek 32 euskaldun akabatu zituztela. Hori guztia, gainera, Jon Gudmundsson izeneko idazle batek triskantza gertatu eta gutxira idatzitako dokumentu bati esker ezagutzen da. "Batek daki; lehen eskuko kontakizun hori egon ezean, gaur gertakari hori kondairaren eremuan egongo litzateke agian".
Arrasto material gutxi geratu dira, tartean ustez euskal jatorria duten balea prozesatzeko hainbat estazioren hondarrak. Baina bidaian garai horretan zabaldu zen merkataritzaren adierazle bikaina den liburu bat ikusteko aukera izan zuten ere. Islandiarrek eta euskaldunek elkar komunikatzeko erabilitako pidgin antzeko bat biltzen duen eskuizkribua, 700 hitz inguru biltzen dituena.
Zorionez, gero eta gehiago ezagutzen da duela lau mende jazotakoa, eta Martinezek ezagutza horren zabalkuntzan gehiago sakondu nahi du. Oraingo erronka da bizitakoaz dokumental bat grabatzea, eta egitasmo hori abiatzeko laguntza nahikoa lortu du gainera, internet bitartez diru bilketa egiteko plataforma batean. Baina istorioa hobeto islatzeko, animazioa erabili nahi du dokumentalean, eta horretarako instituzioen laguntza beharko duela aurreratu du bidaiariak. Borroka horretan dabil orain Martinez, eta horretarako Subealabici egitasmoa elkarte modura erregistratu behar du. Pedalei ekiteko baino erronka zailagoa, duda izpirik gabe, burokrazia izan ohi delako abenturarik zailena.
Fiordoak odolez bete zirenekoa1615eko irailean Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetan euskaldunen odola isuri zen. Arrazoi asko mahai gainean jarri badira ere, atzean dagoen zioa oraindik ere ez dago argi. Baina zantzu batzuk badira, eta historiaren lainoan eskegita geratu diren hari apurrei tiraka izan diren lagunak ere badaude. Gure artean, horietako bat Iñaki Petxarroman kazetaria izan da. Kasualitatez egin zuen topo Petxarromanek euskal balea ehiztarien odisearekin, Islandiara egindako bidaia batean. Bururatu zitzaion lehen gauza izan zen istorioa film bat egiteko modukoa zela. Halere, jakina da film bat egitea arras zaila dela, eta, hortaz, lagun batek emandako gomendioa jarraitu zuen, eta liburu bat idazteari ekin zion. Hori da, hain zuzen, 'Kearen fiordoa' (Elkar, 2015) liburuaren abiapuntua. “Pentsatu nuen gaiak nobela bat idazteko ematen zuela, eta gainera oso gauza gutxi idatzita zeuden horri buruz. Finlandiar batek idatzita zuen gertakariei buruzko nobela bat, baina soilik finlandieraz argitaratuta zegoen". Denborarekin, baina, liburu gehiago argitaratu dira, tartean, Julia Montejo idazlearen 'Lo que tengo que contarte' izenburuko eleberria. Baina, momentuz, Iñaki Petxarromanena da euskaraz dagoen eleberri bakarra. Aukeratutako formatua ez da kasualitatea. "Ikusi nuen gaia bereziki fikziorako aproposa zela. Historiako gertakari askotan bezala, hutsune asko geratu dira, eta idazleak aukera du hutsune horiek nahi duen moduan betetzeko. Lizentzia batzuk hartzeko moduan zaude, eta kontakizunean zure 'sinadura' sartzeko hainbat baliabide erabil ditzakezu". Aurretik narrazio historiko batzuk idatzita zituen arren, eleberri bat osatzea "erronka" bat izan zela aitortu du kazetariak. Liburua idazten ari zen garaian hainbat dokumental egiten ari ziren, eta Gipuzkoako Aldundiak ekitaldi bat egin zuen Islandian bertan, hango instituzioekin. Euskaldunak hiltzea ahalbidetzen zuen legedia kendu zutenekoa, alegia. "Tira, legearena anekdota moduko bat zen. Danimarkako erregearen dekretu bat zen hori, baina Islandiak independentzia eskuratu zuenetik, praktikan ez zuen balio legalik. Halere, anekdota horri esker gertakariak gehiago ezagutu dira". Kontua Islandian Euskal Herrian baino gehiago ezagutzen dela uste du Petxarromanek. "Haiek nolabaiteko orban beltz baten moduan ikusten dute. Esaten da ordukoa inoiz Islandian izan den giza hilketarik masiboena izan zela, eta kontuan izan behar dugu herrialdea ez dela sartu gatazka edo gerra askotan. Gauzak nahiko modu baketsuan egiten ohituta daude, eta horregatik kontzientzian iltzatuta bezala daukate". Euskal Herrian bereziki azken urteetan ezagutu dela dio kazetariak. Beste hainbat adituk egin duten moduan, krimen horren atzean egon ziren benetako zioei dagokienez, gobernadorean jarri du arreta Petxarromanek. "Nire ustez, Adi Magnussonek kinka batean ikusi zuen bere burua. Batetik, euskaldunekin hitzarmena sinatuta zeukan, eta euskaldunei balea ehizan aritzeko baimena emana zien. Baina gero Danimarkako erregeak jarduera hori debekatu zuen, eta bazegoen aukera erregea konturatzeko Magnusson tratu ilegaletan zebilela. Agian horren berri eman zezaketen euskaldunak gainetik kentzeko modu bat izan zitekeen, eta horiek hiltzeko bidea erraztu zuen". |