Laugarren urtez, hizkuntza gutxituak ezagutzeko tresnak eskura jarriko ditu Hitz Adina Mintzo zikloak Gasteizen. Sei hizkuntza gerturatuko ditu oraingoan Oihaneder Euskararen Etxera: mapuzuguna, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera.
Irailaren 20an hasiko dute ikasturte berria, Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna? izeneko hitzaldiarekin. Gemma Sangines izango da hizlari hizkuntza aurreritzien inguruan; goizez, 11:00etan, EHUko Letren Fakultatean izango da, eta bigarrena, 19:00etan, Oihanederren.
Hurrengo saioa urrian izango da; mapuzugunari buruzkoak ekarriko ditu Wallmapu Euskal Herria elkarteko Iban Gartziak. Azaroan Imanol Miner normalizazio teknikariak Zelanda Berriko maoriera aurkeztuko du. Urtarrilean Metig Jakez-Vargas kazetaria bretoieraz arituko da, eta otsailean Elyem Chej gizarte hirigintzako teknikaria Saharako hassanieraz. Sara Agnetti fisioterapeutak parmera hurbilduko du martxoan, eta, bukatzeko, apirilean Jon Mikel Insausti informatikariak lemkera izango du hizpide.
Aurten, lehenengo aldiz, Udako Euskal Unibertsitatearen eskaintzaren barruan sartu da zikloa. Horregatik, parte hartzeko izena eman beharko da UEUren webgunean. Ziklo osoak 25 euroko prezioa du, baina saio solteetan parte hartzeko aukera egongo da, eta horietan 5 euro ordaindu beharko da. Gemma Sanginesen aurkezpen saioa doakoa izango da.
Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da.
Teoria eta tailerrak
Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. "Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea, eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du xede", azaldu dute antolatzaileek. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain, hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira. 2015etik egunera arte, besteak beste, Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, gaelera eta kaxubiarra, Asiako kurduera eta hokkienera, Amerikako nawatera edota Afrikako tamazightera landu dituzte.